'Txiki' eta Otaegi omenduko dituzte asteburuan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 26a

Bihar 39 urte beteko dira ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Jon Paredes Txiki zarauztarra, FRAPeko Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravorekin batera fusilatu zituztela. Francisco Franco diktadoreak agindu zituen exekuzio horiek 1975eko irailaren 26an, eta biharamunean tiroz hil zituzten, Jon Paredes Txiki Cerdanyola del Vallesen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Otaegi Burgosko (Espainia) espetxean. Horiek izan ziren Espainiako diktaduran azken fusilatuak. Urtero bezala, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak hainbat ekitaldi antolatu du Otaegi, Txiki eta Francoren diktaduran eraildakoak gogoratzeko. Bihar, Gudari Egunean,Txikiren hilobian lore eskaintza egingo dute Zarautzen, Txikiren senitartekoekin batera. Eguerdian hasiko dute ekitaldia, Zarauzko hilerrian. Azpeitian ere gogora ekarriko dute Angel Otaegi nuarbetarra. Aurten lehen aldiz Nuarbeko Auzo Batzarrak Angel Otaegiren omenez oroimen ekitaldia antolatu du, eta bertan bilduko dira auzokide, lagun eta senideak. Larunbatean 18:30ean egingo dute ekitaldia Nuarben, eta bertan alde batetik, «Angel Otaegik eta bere gertukoek pairatutako sufrimenduaren aitortza eta memoria aldarrikatuko» dute. Eta bestetik, «denon artean etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzearen aldeko mezua zabaldu» nahi dutela azaldu du Nuarbeko Auzo Batzarrak. Horretaz gain, igandean ezker abertzaleak Angel Otaegi zenari omenaldia egingo dio Nuarben. 09:00etan Azpeititik aterako dira herritarrak, eta Nuarbera mendi martxa egingo dute. 12:30ean iritsiko dira bertara, eta 14:00etan bazkaria egingo dute Nuarbeko pilotalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide