Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren 5ean Kilometroak jaia ospatuko da Orion, eta horrek hainbat aldaketa sortuko ditu zirkulazioan eta aparkalekuan datorren astearen erditik aurrera. Udaletik jakinarazi dutenez, dagoeneko hasi dira festarako beharrezkoak diren azpiegiturak muntatzen. «Herriko kanpoaldetik barrualdera» joango dira Kilometroak jaiko boluntarioak eta udaleko langileak beharrezko azpiegiturak behar den tokian egokitzen; «herritarrei egunerokoan ahal den gutxien eragozten saiatuko gara», azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak.
Dena dela, datorren asteazkenetik aurrera herriguneko azpiegiturak muntatzeari ekingo diote, eta Mendibeltz aparkalekuak asteazkeneko 08:00etatik aurrera hutsik izan behar duela jakinarazi dute. Herriko beste hainbat aparkelutan, berriz, ostiraletik aurrera debekatuta izango da ibilgailuak aparkatzea.
Festa egunean 07:00etatik 21:00etara herriko sarrera itxita izango da ibilgailu pribatuentzat, baita autobideko sarrera-irteera ere. Beraz, autoa erabili beharko dutela aurrikusia duten oriotarrek bezperan Oribarzar bidean, Anibarko Portuan edo Santio Erreka auzoan aparkatu dezatela gomendatu dute udaletik. Horretaz gain, Eusko Gudari kalean ere aparkalekua baimenduta izango dela jakinarazi dute. «Kalkuluak egin ditugu, eta eremu horietan 700 ibilgailu inguru sartzen direla aurrikusi dugu», zehaztu du alkateak.
Urriaren 5ean, larrialdiren bat izanez gero herritarrek 112 telefonora edo Orioko Udaltzaingora hots egin beharko dute. Solaberrietak aldez aurretik barkamena eskatu nahi izan die herritarrei Gipuzkoako Ikastolen Jaiak herrian sortuko dituen eragozpenengatik. «Hainbat aldaketa izango dira herriko eguneroko martxan, eta pazientzia izateko eskatu nahi diegu oriotar guztiei».
APARKALEKUETAN ALDAKETAKAparkatu ezin daitekeen guneak: Abeslari kalea, Arrantzale kalea, Erribera kalea, Erriberako aparkalekua, Baxoalde kalea, Palota, Abaromendi kalea, Antilla kalea, Autopista azpiko aparkalekua, Mendibeltzeko aparkalekua, Herriko plaza, Endaia kalea, Aita Lertxundi kalea, Ibai Ondo eta Tren geltoki azpiko aparkalekua.