Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
«Zarauzko bigarren zabortegian bizi gara, eta ez dago eskubiderik». Foruen kaleko bizilagunek pankartak jarri zituzten hilabete hasieran etxepean sortzen den zarata, zikinkeria eta zirkulazio arazoak salatzeko. Duela urtebete hasi zen haien egunerokoa «jasanezin» izaten. Hori dela eta, Zarauzko Udaleko zinegotziekin hainbat bilera egin dituzte: hiru zinegotzi batekin eta bat beste batekin. «Urtebete daramagu harremanetan oraingo hau saihestu nahian, baina emaitzak begi bistakoak dira», nabarmendu dute.
Pankartekin salaketa publikoa egin ostean, udalak erantzun egin du komunikabideen bitartez, baina bizilagunak ez daude ados. Udalak haiekin hitz egiten jarraitzeko asmo «irmoa» erakutsi du, baina herritar horien arabera, ez da inor haiekin jarri harremanetan. «Deitzekotan geratu ziren, baina joan den maiatzetik inor ez da gurekin harremanetan jarri».
Etxe azpiko edukiontzi kopurua murrizte aldera, bi muturretan banatu zituen horiek udalak. Foruen kalekoek, ordea, aurrez alternatiba horri ezezkoa eman zioten, ezkaratz bakoitzeko administratzaileek sinatutako idatzi baten bidez. Hala ere, egin egin dutela salatu dute. «Neurri honen ondorioa izan da goizean 05:30ak aldera bi kamioik atzerako martxa erabiltzea, kamioi bat gehiago ibiltzea... ».
Zamalanen arazoa konpontzeko, berriz, aparkalekua berrantolatuko duela adierazi du udalak.
Horretarako aparkalekuko erdibitzailea kentzeko lanekin hasi dira aste honetan, zirkulazio arazoak arintzeko helburuarekin. «Gai hau zurrumurru gisa entzun genuen, baina orduan bestelakoa zen hori egiteko arrazoia: Zigordia kalean erdi mailako kamioiek sartu ezin dutenez, kale hori irekitzen dutenean kamioiak gure etxe aurrera ekarriko dituztela». Horrek «lehengo zarata arazoa okertu egingo du», bizilagunen arabera. «Hau al da udalak duen bidea zamalan arazoa konpontzeko edo leuntzeko?». Lanekin, gainera, bizilagunei aurrez jakinarazi gabe hasi direla esan dute.
Udalak bizilagunekin neurri egokiak adosten jarraitu nahi duela dio. «Beharbada adostasunaren kontzeptu ezberdina dugu. Adostu, gure ustez, bi aldeen arteko konponketa litzateke». Bizilagunek, ordea, «inposaketa eta informazio eza» besterik ez dutela jaso diote. Horren ondorioz, «desilusioa, frustazioa, pena, ulertezintasuna, injustizia, barruko mina, ezintasuna, haserrea, amorrua, sumindura... Hori guztia eta gehiago» sentitzen dute Foruen kaleko bizilagunek.