Datorren urterako tasa eta zerga guztiak izoztu egingo ditu Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko irailaren 26a

2015erako udal zergak eta tasak bere horretan mantentzea onartu du Zarauzko udalbatzak, gehiengoz eta behin-behinean. Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak azaldu du bi arrazoigatik proposatu dutela horiek izoztea: batetik, azken urteetako bilakaera kontuan izanda, eta bestetik, egungo egoera sozioekonomikoa «zailean» oinarrituta. Ogasun zinegotziak jakinarazi du 2011n ikusi zutela udaleko zerbitzu batzuk «oso defizitarioak» zirela. Horren aurrean bi irtenbide jarri zituzten bere garaian mahai gainean: zerbitzu batzuk murriztea—kiroldegia ixtea, esaterako— ala herritarrei «ahalegin handiagoa» eskatzea. Azkenean zerbitzurik ez kentzea adostu zuten, eta hainbat tasa igo zuten; hilerrikoa, adibidez. Aldundiko irizpideekin bat eginez, eta «gehien dutenei gehiago kobratuz eta gutxien dutenei lagunduz», Zarauzko egoera ekonomikoari buelta ematea lortu zen. Horren ondorioz, udal tasak eta zergak aurtengoen berak izaten jarraituko dute datorren urtean, beti ere ordenantza fiskalak behin betikoz onartzen badituzte. Horrez gain, hobariak diru laguntza bilakatzea ere proposatu du udal gobernuak. Modu horretan, herritarrek ez dute urtero-urtero hobari hori eskatu beharko. Duela bi urte lehenbiziko aldiz hasi zen Zarauzko Udala beharra zuten herritarrei hobariak eskaintzen, eta azken bi urteetan prozedura horrek funtzionatu duela nabarmendu du Eizagirrek. Hala ere, diru laguntza moduan «hobeto» funtzionatuko dutela gaineratu du, eta «behin eskatzearekin nahikoa» izango dela. Horrek kudeaketa bera ere azkartuko du, «bai etxe barruan, bai kanpoan». «Herrian entzuten denaren aurrean», argitu du familia ugarien hobariak ez dituztela kendu, irizpideak aldatu baizik. Aurrerantzean familia ugariei dagozkien hobariak ez dituzte emango familia ugaria izateagatik bakarrik. Diru sarreren eta familiako kide kopuruaren arabera eskainiko dituzte horiek. Tasa eta zerga progresiboak PP, PSE-EE eta EAJ alderdietako ordezkariek aurka bozkatu zuten udal gobernuak proposatutako ordenantza fiskalen aurrean. Maria Jose Lafuente PPko ordezkaria EH Bilduren politika ekonomikoaren aurka agertu zen, eta tasak eta zergak mantendu beharrean, jaisteko eskatu zuen. PSE-EEk eta EAJk askotariko zuzenketak aurkeztu zituzten; lehenak lau eta bigarrenak hamabost. Ez zuten bat bera ere onartu. Eizagirrek adierazi duenez, batzuk lehendik jasota zituzten EH Bilduren proposamenean, eta beste batzuk ezin ziren onartu, udalak eskumenik ez duen arauekin ez zetozelako bat. Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak adierazi zuen «ezkerreko ikuspegitik» begiratuta tasek eta zergek progresiboak izan beharko luketela, gehien dutenei gehiago kobratuz. «Hauek ez dira gure ordenantza fiskalak». EAJko Imanol Lasak esan zuen zergak izoztearen alde zegoela, baina euren proposamenak ez direla kontuan hartu: «Ez dago irizpide garbirik, ez dago politika fiskalik». Mariana Aranburu Ezker Anitzako ordezkariak udal gobernuaren proposamena babestu zuen, «koherentziagatik». «Iazko irizpideak mantentzen dira tasa eta zerga guztietan, eta gainera izoztu egin dira. Hori da gure ustez garrantzitsuena bizi dugun garaia kontuan izanda». Hobariak mantentzea ere «ezinbestekoa» da Aranbururentzat, eta baita horiek «hor daudela» jendeari gogoraraztea ere. Aurrekontuak, abendurako Datorren astetik hasita, 30 eguneko epea izango da helegiteak egiteko. Urriko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte alegazio horiek—alegaziorik aurkezten bada— , eta ordenantza fiskalak behin betiko onartzeko bozkaketa egingo dute. Behin horiek onartuta, udalaren 2015erako diru sarrerak zehaztu ahalko dituzte, eta ondorioz, gastuak aurreikusteko aukera izango dute. Hori horrela, 2015eko aurrekontuak abenduko udalbatzarrean aurkeztuko dituztela aurreikusi du Eizagirrek, azaroan ohiko auzoz auzoko parte hartze prozesua egin ostean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide