Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteburuan bigarrenez egin zuten Azoka Herritik egitasmo herrikoia, eta ia astebete igaro ondoren, Azpeitiko Udalak egitasmoaren lehen balorazioa egin du. Eneko Etxeberria alkateak eta Iñaki Portilla Merkataritza zinegotziak egin dute balorazioa, eta bertan parte hartu duten guztiei «eskerrak» eman nahi izan dizkiete: «Benetan mila esker Azoka Herritik-i egin diozuen ekarpenagatik, azokaren bihotza zarete». Hala, Etxeberriak esan du parte hartu duten guztiekin «zorretan» daudela.
Udal ordezkariek azaldu dute balorazio sakonagoa egingo dutela behin azokaren antolakuntza lanetan ibili direnen hitzak entzundakoan. Hala ere, herritarren parte hartzea azpimarratu nahi izan dute: «Jendetza horrek azokan ez ezik kontsumitu egin du herriko tabernetan, jatetxeetan eta saltokietan ere. Merkatarien mesederako izan da, eta, azken finean, gure ekonomia sustatu du».
Portillak ere positiboki baloratu du egitasmoa: «Beste behin argi geratu da Azpeitia oso bizirik eta mugimenduan dagoen herri bat dela». Azpeitiarrak «harro egoteko moduan» daudela uste du, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko «ilusio» eta «sare» hauekin «jauzi kualitatibo handiak» ematen ari direla azpimarratu du.
Aurrerago, sakonago
Lehen iritzia eman duten arren, Azoka Herritik egitasmoaren balorazio «sakonagoa» egingo dute antolaketa lanetan ibili direnen hitzak eta usteak entzun ondoren. «Herriko eragileen iritziek pisu handia izango dute egin beharreko hobekuntzei begira, beraien lanik gabe ezinezkoa delako honelako azoka bat antolatzea», adierazi dute alkateak eta Merkataritza zinegotziak.
«Azokan aritu eta parte hartu duten guztiei, antolakuntzan parte hartu duten herriko eragileei, udal zerbitzuetako langileei eta Azpeitiko herritar guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak» zehaztu dute udal ordezkariek.