[caption id="attachment_110408" align="alignright" width="300"]

Gereka, Osa eta Barruetabeña, Oklahoma Cityko ibai artifizialean (Gereka).[/caption]
Uda luze joan da Imanol Barruetabeña, Unai Gereka eta Irati Osa Itxas-Gaineko piraguistentzat. Oso gogor egin dute lan iraileko azken asteburuan, Oklahomako Munduko Txapelketan, duten mailarik onena emateko. Junior kategorian hartuko dute parte, maratoiko distantzian. Uretan lehiatzeko eskubideaz gain, bidaia ordaintzeko dirua osatzea ere ez da samurra izan. Espainiako selekzioak deituta doazen arren, piraguista bakoitzak ordaindu behar ditu bere gastuak. Oklahomara joan ahal izateko, 3.000 eurotik gora. Zorionez, Itxas-Gaineko kideak martxan jarri eta dirua biltzeko gai izan dira, herritarren parte hartzearekin. Hirurak Oklahoman daude dagoeneko, eta tarte bat hartu dute Euskal Herritik jasotako galderak erantzuteko.
Oklahomaraino iristeko 24 orduko bidaia egin zuten. «Goizeko 4:45ean irten ginen Zumaiatik Bilboko aireporturantz, 6:45eko hegaldia hartzeko», hasi dira kontatzen. Eta Loiun bertan, lehen ezustekoa. «Esan ziguten overbooking zegoela, eta ni –Unai Gereka– eta Getxoko Naiara Gomez –Irati Osaren piraguakidea– itxarote zerrendan jarri gintuzten. Baina zortea izan genuen, eta abioira igotzen azken biak izan ginen. Zazpi lagun gelditu ziren lehorrean». Loiutik Madrilera, han Espainiako selekzioko beste kideekin bat egin eta Chicagorainoko hegaldia, Atlantikoaren gainetik. «Abioia oso erosoa zen. Eserleku bakoitzak bere pantailatxoa zeukan, jolasteko edo pelikularen bat ikusteko; hegazkinean pasatako bederatzi orduak guk uste baino azkarrago joan ziren». Chicagoko aireportuan bigarren ezustekoa. «Chicagon hartu behar genuen Oklahomara joateko hegaldia. Imanolek abizen luzea duenez, izenaren ordez I letra baino ez zitzaion ageri txartelean, eta beste gela batera eraman zuten, dena ondo zegoela egiaztatzera». Dena argituta, Oklahomara iritsi ziren, leher eginda. «Hori bai, hotela ederra da; matrimoniozko ohea dauka gutako bakoitzak!».
Oklahoman turismoa egiteko aukerarik ez dute izan, entrenamenduetan murgilduta baitaude, baina segituan ohartu dira hangoei dena handia gustatzen zaiela. «Auto handiak ikusten dira, koloretako argiak kaleetan… Eta paisaia nahikoa lehorra». Biharko estropada eremua ezagutzeko aukera izan dute. «Goizean Oklahomako ibai artifizialean entrenatzen dugu. Egin dituzten azpiegiturak izugarriak dira, ederra da han entrenatzea. Gainera, piraguistaz josita dago, eta horrela askoz gehiago ari gara gozatzen».
Selekzioko kideekin ondo ari dira moldatzen. «Gehienak ezagutzen ditugu lehendik, Europako Txapelketatik, eta ez dugu arazorik, harreman oso ona daukagu». Hirurek bihar dute estropada, 16:30ean (Euskal Herriko ordua), eta eguna iristeko irrikaz daude. «Gutxi falta da gure ametsa gauzatzeko, eta hasi gara urduritasuna nabaritzen. Xabier Osa entrenatzaileak esan digu orain arte entrenamenduetan edukitako jarrerak axola duela, ez delako batere erraza urte osoa, uda barne, entrenatzen pasatzea gauza asko alde batera utzita. Beraz, lan guztiak egin ondoren, gozatzea eta ikastea da gure helburua. Emaitzak etorriko dira etorri behar badute, baina maila honetako txapelketa batean zorteak ere bere lekua izaten du».
Pantaila erraldoia Getarian
Txapelketan egoteko 9.000 eurotik gora bildu behar izan ditu Itxas-Gainek. Zozketa berezia antolatu du udan zehar, eta esker oneko hitzak dituzte lagundu duten guztientzat. «Errifak erosi dituztenei, diru ekarpena egin dutenei, uretan lagundu diguten guztiei, eta batez ere urte osoan gurekin egon direnei eskerrak eman nahi dizkiegu, hiru etorri gara baina egindako lanaren atzean pertsona asko daude. Horien artean, familia, piraguako kideak, lagunak, Joxema [Balentziaga], eta nola ahaztuko dugu gure entrenatzaile Xabier Osa, Iratirentzat aita eta beste biontzat idoloa; beti egongo gara zorretan».
Estropada internet bidez jarraitu daiteke (
http://boathousedistrict.org/festivals-races/live-video/), eta Getarian ere pantaila handi bat jarriko dute 16:00etik 18:00etara, getariarra baita Gereka.