Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Amaitu da uda, eta udazkena iristearekin batera, asteburu honetan eskualdeko hainbat herritan Sanmiel jaiak ospatuko dituzte. Besteak beste, Aizarnazabalen, Aian, Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian izango dira festak. Aizarnazabalen herriko jaiak dituzte, beste herrietan, berriz, auzo mailakoak.
Zarautzen, esaterako, Itxasmendi auzoan dena prest da gaur arratsaldean bertan auzoko jaiei hasiera emateko. Urtero bezala, adin guztietako auzotarrak izan dituzte kontuan jaiak antolatzerakoan, eta egitarau zabala antolatu dute. Esaterako, Festa Batzordeak herri bazkaria antolatu du biharko. Bertan parte hartzeko sarrerak salgai daude Zuazo tabernan. Itxasmendiko auzotarrak bertan parte hartzera animatu dituzte, «giro ederra izango baita».
Aizarnazabalen, berrikuntzak
Aizarnazabalgo jaiak, berriz, berrikuntzekin datoz aurten. Izan ere, Hollywood-eko Oscar sarien estilokoak banatuko dituzte: Harrikoscarrak 2014. Haritz Gorriti da sari hauen antolatzaileetako bat, eta HITZAri adierazi dio herritarrek ez dakitela zein sarituko duten: «Herritar sarituei sekretua gordetzeko eskatu diegu».
Ideia ezustean bururatu zitzaien: «Aurtengo jaietarako zerbait desberdina antolatu nahi genuen, eta azkenean fantasia moduan sortutako ideia benetakoa bihurtu da». Aizarnazabalgo hainbat elkartetako ordezkariak ari dira prestaketa lanetan herriko Atari Soro pilotalekuan, bertan izango delako sari gala.
Antolatzaileek herritarrei nahiz inguruko herrietakoei luzatu diete gonbidapena, eta eskaera bat ere egin dute: «Bertaraino hurbiltzen direnei euren jantzi hoberenekin azaltzea eskatzen diegu. Izan ere, larunbatekoa gau magikoa izatea espero dugu», azpimarratu du Gorritik.
Urtero bezala, txupinazo egunerako antzerkia antolatu du Adiskide Bertso elkarteak, eta aurten Utzidazu Nivea Ixabel II antzeztuko dute. Kirolerako denbora ere egongo da Aizarnazabalgo festetan. Izan ere, Sanmiel Egunaren bezperan, igandean, Euskadiko 3. Mailako Aizkora Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko da. Bertan aizkolariek 54 ontzako 4 enbor moztu beharko dituzte.
Aurten hamaseigarrenez Helduen Danborrada antolatu dute Gure Borda, Mikel Elkartea eta Gaztetxe taldeekin.