Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalak uda aurretik eman zuen etxebizitzaren alokairurako diru laguntza hauen berri: "Krisi ekonomikoak herriko gazteengan sortu dituen egoerak kontuan hartuz 150.000 euro jarri ditugu gazteei etxe alokairuak ordaintzen laguntzeko asmoz".
Gutxienez hamar urtez Azpeitian erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek izango dute diru laguntza hauek jasotzeko aukera, eta ezingo dute beste inolako diru laguntzarik jaso. Alokairurako diru laguntzaren eskatzailea bakarra denean, gehienez 28.000 euroko diru sarrerak eduki beharko ditu eta 35.000 eurokoak diru laguntzaren eskatzaileak bat baino gehiago direnean.
Ekaina aurretik alokairuan dauden herritarrek eta 650 euro baino gutxiago ordaintzen duten herritarrek eska dezakete diru laguntza hau. Udalak gehienez 250 euro ordainduko dizkie. Hemendik aurrera, alokairuan bizitzen hasten diren herritar gazteek, lagunatza jasotzeko 550 euro baino gutxiagoko alokairua ordaindu beharko dute eta hauen kasuan udalak errentaren %50a ordainduko die, gehienez 250 euro.
Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko asmoz, bertan kokatutako etxebizitzak alokatzen dituztenei 50 euro gehiago emango zaizkie, eta gehienez 300 euro jasotzeko aukera izango dute.
Diru laguntzak urtebeteko epea dute, eta urriaren 15era arte eskatu daitezke. Azpeitiko Udalak herriko gazteei diru laguntza hauek eskatzeko deia luzatu die. Informazio gehiago eskuratzeko Azpeitia Lantzenek Sindikatu Zaharrean duen egoitzara joan daiteke.