Zuzendaritza artistikoa barrutik

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 26a

Zarauzko Photomuseumen Rafael Serras Uria zarauztarraren erakusketa ikusgai izango da urriaren 12a arte. Argazki erakusketak El Testaferro film laburreko irudiak jasotzen ditu, eta film laburra bera ikusteko aukera ere badago. Izan ere, Rafael Serras bera izan zen lan horretako zuzendari artistikoa 1997an, eta berak ateratako argazkiak biltzen ditu erakusketak. «Erakusketarekin zuzendari artistikoaren lana azaldu nahi izan dut, oraindik zenbaitentzat ezezaguna baita. Zuzendari artistikook arduratzen gara filma edo telesaila filmatzen den lekuak aurkitzeaz, aukeratzeaz edo diseinatzeaz», azaldu du egileak. Batzuetan ezinezkoa izaten da kanpokaldean filmatzea, eta orduan zuzendari artistikoak sortu behar izaten ditu kale itxurako dekoratuak. «Telesailetan asko egiten da hori. Izan ere, ezinezkoa da egunero-egunero kanpoan errodatzea. Beste batzuetan, benetako tokiak itxuraldatzen ditugu. Hori dena gidoiaren arabera izaten da, eta zuzendariaren oniritziarekin noski», azaldu du. Diseinatzeaz gain, arotzak, atrezzoa eta beste hainbat lan koordinatu behar izaten dituzte. Hitzaldia eta proiekzioa El Testaferro erakusketaren harira, urriaren 3an film laburra botako dute eta hitzaldi bat eskainiko dute Photomuseumen. Bertan Serras herritarren zalantzak argitzen saiatuko da. «Askok ez dute ezagutzen zuzendari artistikoaren lana, eta zenbait kasutan, gainera, ez zaio merezi duen garrantzia ematen. Bada eszenografia hots egiten dionik ere, antzerki mundutik hartuta. Galdera horiek argitzen saiatuko naiz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide