Kilometroen egunean Erronka jokatzeko prest daude Orion

Nerea Uranga 2014ko irailaren 25a

[caption id="attachment_110279" align="aligncenter" width="300"]Kilometroetako Erronkan parte hartuko duen Orioko Herri Ikastolako taldea (Aiora Larrañaga/Hitza). Kilometroetako Erronkan parte hartuko duen Orioko Herri Ikastolako taldea (Aiora Larrañaga/Hitza).[/caption] Orioko Herri Ikastolak urriaren 5ean egingo duen Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak 2014 jaiaren barruan, gaztetxoei zuzendutako Erronka abentura eta kirol proba antolatuko du. Iaz, Tolosan egin zuten estreinekoz, eta izandako arrakasta ikusita Orion erreleboa hartuko dute. «Tolosan izan zen aurreneko esperientzia, eta oso polita izan zela iruditu zitzaigun», azaldu du Aitor Dorronsorok. Orion jokatuko den Erronkaren arduradunetako bat da bera. Kilometroak jaian, ikasleei zuzendutako ekintza baten faltan antolatuko dute Erronka aurten ere: «Gazteei begira irtenbide bat behar zen; kontzertuak egoten dira, baina haiei zuzendutako beste zerbait antolatu behar zela ikusten genuen, osasungarriak diren gauzetan ere eragin behar zela». Hala, gazteek ondo pasatzeko, ohitura osasuntsuak sustatu eta elkar ezagutu eta elkarren harremana sustatzeko antolatuko dute Erronka. Tolosako Kilometroetako Erronkan Orioko Herri Ikastolako ikasleek ere hartu zuten parte, «eta gainera, oso ondo pasatu zuten», esan du Dorronsorok. Tolosakoek abiatutakoari heldu, eta proiektuarekin jarraitzea erabaki dute Orion ere. Hasieratik ekin beharrik ez dute izan, Dorronsororen arabera, Tolosakoek aurretik Erronka antolatzen lan handia eginda zutelako. 24 ikastola daude Gipuzkoan, eta 20k eman dute izena Erronkan parte hartzeko. DBH 3 eta 4 mailako ikasleek hartuko dute parte, 14 urtetik 16 urtera artekoek. Ikastola batzuetara Erronkari buruzko azalpenak ematera ere joan dira Orioko Erronkaren arduradunak: «Nolakoa den azaldu diegu, eta ondo pasatzeko antolatutakoa dela esan diegu. Horrela, batzuk animatu dira parte hartzera». Gogotsu eta indartsu Urola Kostatik Orioko eta Zarauzko ikastoletako ikasleak ariko dira Erronkan. Orioko Herri Ikastolako ikasleak erronka jokatzeko gogoz daude; «oso gustura eta indartsu» daudela diote. Taldekide izango dituzten batzuk ezagutzen dituzte, baita beste talde batzuetako kideak ere. Erronkan egin beharko dituzten proba batzuk egiten ere ibili dira, eta irabazteko aukera ez dute baztertuta. Erronka ibilbideko lau eremutan banatuta jokatuko dute. Lau proba dira, eta bakoitzean bost talde ariko dira. Tolosan egindakoetan oinarrituta egingo dituzte Orion ere probak, baina aldaera batzuekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide