[
sasoian.info] Zortzi urte geroago, Hondarribiako traineruarentzat izan da San Miguel Liga. Aurreko larunbatean Bermeon jokatu zuten azkenaurreko estropada, eta bertan irabazita erdietsi dute Mikel Orbañanosen (Orio, 1973) mutilek aurtengo titulua.
Azken asteburura arte itxaron behar izan duzue, Bermeoko garaipenarekin, San Miguel Liga ofizialki ospatzeko.
Hala izan da, bai. Liga lehiatua izan da, eta bagenekien azkenera arte eutsi beharko geniola mailari. Bermeon estropada on bat jokatzen baldin bagenuen, ez genuen liga azken estropadarako utzi beharko, eta horretan saiatu ginen. Kontxa pasatu ondoren ere gogo berezi bat mantendu dugu taldean, liga ongi bukatu nahi genuelako, eta, zalantzarik gabe, Bermeoko estropada arrakastatsua suertatu zitzaigun.
Titulua irabazteko hautagai nagusiak zineten, batez ere liga erditik aurrera. Alde horretatik, erosoa izan al da denboraldi bukaera?
Bai, batik bat liga amaierara indartsu eta gogotsu iritsi garelako. Arraunlariak fisikoki ongi zeuden, eta hori estropadetan antzeman egiten zen. Uste dut bete-betean asmatu dugula.
Zeuek noiz hasi zineten sinesten txapeldunak izan zintezketela?
Urte hasieran zehaztutako helburua ohorezko txandan aritzea izan zen. Behin hori lortuta, traineru bakoitza nola arituko zen ikusi behar genuen, baita guk zer-nolako maila eman genezaken ere. Uda aurrera joan ahala, aurreko traineru horiekin lehiatzeko gai ginela konturatu genuen, eta, nolabait esateko, orduan hasi ginen pixka bat sinesten. Nahiz eta arraunlari aldaketa asko egin, denboraldi bukaerara puntuan iritsiko ginela aurreikusten genuen. Datuek esaten ziguten liga irabazteko lehia horretan gu behintzat egongo ginela.
Hala eta guztiz ere, liga hasiera ez zen espero bezalako izan, ezta?
Bartzelonakoa ez zen gure estropadarik onena izan, baina txanda irabaztea lortu genuen. Gainera, alde handiak egon ziren txanda batetik bestera. Gero, Galiziako bi hitzorduetan, taldeko arraunlari guztiek parte hartu zutela kontuan izanda, bi hirugarren postu lortu genituen. Hori guretzako garaipen bat bezala izan zen. Hortik aurrera, erregulartasuna mantendu dugu, eta horixe izan da liga irabazteko gakoetako bat. Baita momentu zehatzetan maila oso ona eman dugulako eta garaipenak lortu ditugulako ere.
Lortu berri duzuena Hondarribiaren bigarren liga da. Zer-nolako zaporea du honek, lehena duela zortzi urte irabazi zenutela kontuan izanda?
Egungoa beste belaunaldi bateko arraunlariz osatutako taldea da, eta guretzako oso garrantzitsua zen liga lortzea. Eskura edukita, txapeldunak izateko gogo biziak genituen. Oso pozik gaude garaipen hau talde lanean lortutakoa delako.
Konparatu al daiteke duela zortzi urtekoa oraingoarekin?
Ez dut oso gustuko konparaketak egitea. Orduko gauza onekin geratzen naiz, eta egun, oraingo gauza onekin. Belaunaldi bakoitzari bere garrantzia eman behar zaio, besterik gabe.
Eta egungo belaunaldia, egungo arraunlarien lana, nola baloratuko zenuke?
Gazte onak dira, eta lana txukun egin dute. Badakite gure lan egiteko modua zein den, eta hori ongi barneratuta dute. Alde horretatik, entrenatzaile batentzat oso gustukoa da. Arraunlariek beraiek ere garaipenak lortzeko gose handia dute, eta guztion artean funtzionamendu egokiarekin asmatzen jakin izan dugu.