Asier Lopez: "Inprobisatzeko rock blues psikodelikoa da onena"

Ane Olaizola 2014ko irailaren 25a

Duela lau urte sortu zuten The Foxy Leires taldea hiru lagunek, eta hainbat aldaketa izan ostean, uztailetik berriro martxan dira. Jimi Hendrix musikari ezaguna omendu eta haren abestiak taularatuko dituzte bihar, 23:00etan, Sanagustin kulturguneko arkupeetan, doan. Hendrix berak bezala, inprobisazioa dute oinarri Asier Lopez (Bilbo, 1985) abeslari eta gitarra jotzaileak, Eduardo Castillo baxu jotzaileak eta Manu Forte bateria jotzaileak. Taldekideak aldatu egin dira, baina Jimi Hendrix Experience taldeak bezala, hiru lagunek jarraitzen duzue. Jimi Hendrix Experience ere hirukote bat zen, eta formatu hori mantendu nahi izan dugu, bai. «Soinuaren zapaltzaileak» eta «Hendrixen semeak» izenekin izendatu zaituztete batzuk. Bai, hala ginela esan ziguten duela bi urte inguru. Orain, ordea, kide berriek osatzen dugu taldea. Ni hasieratik nago, baina baxu jotzailea eta bateria jotzailea aldatzen joan dira. Uztailean hasi ginen taldekide berriekin. Duela bi urte kritika onak jaso genituen, eta orain dela gutxi hasi garenez, ikusi egin beharko da. Gitarra jotzailerik onenetarikotzat jotzen da Jimi Hendrix. Haren abestiak jotzeak errespetu berezirik eragiten al dizue? Gure taldea ez da ohiko talde tributu bat. Bere bertsioak egin eta abestien muina mantentzen dugu, baina geure nortasuna ematen diegu abestiei. Badakigu ez garela Jimi Hendrix, gu gara jotzen ari garenak, eta gure energia transmititzea eta gure nortasuna eman nahi diogu. 2014an gaude, eta oso zaila da Jimi Hendrix bezalakoa izan eta haren mailara iristea. Oso goi mailako gitarra jotzailea izan zen. Nolako zuzenekoak egiten dituzue? Gure kontzertuak inprobisazioak dira. Kontzertu bakoitzak bere giro propioa du, eta leku bakoitzean dagoen publikoa desberdina izan daiteke. Publikoaren energia hori sentitzen dugu, eta horren arabera kontzertuak beste bide bat har dezake. Abestiak jotzen ditugu, baina publikoaren arabera inprobisatzen hasten gara, eta kontzertua desberdina izan daiteke. Energia transmititzea eta publikoarekin hartu-eman bat sortzea da gure asmoa. Jimi Hendrixen abesti ezagunak jotzen al dituzue? Saiatzen gara abesti ezagunenak jotzen. Jendeak Jimi Hendrix ez badu asko ezagutzen ere, bere abesti ezagunenak ezagutuko ditu. Horiek jotzen ditugu, baina baditugu beste abesti batzuk trastelekuan. Izan ere, kontzertu bakoitza desberdina da; errepertorio batekin joatzen gara, baina publikoaren arabera, abestiak aldatzen ditugu. Giroa blues psikodelikoa da, eta beharbada publiko berriari zaila edo astuna egiten zaio entzutea. Zuen abesti propiorik ba al duzue, edo beste musikari batzuen bertsiorik egiten al duzue? Talde honekin soilik Jimi Hendrixen abestiak jotzen ditugu. Gero, taldekide bakoitzak badu beste talde bat, eta han denetarik jotzen dugu. Zer izan da zuentzat Jimi Hendrix, eta zerk eraman zaituzte talde hau sortzera? Blues eta rock estiloetako bertsioak egiteko eta kontzertuak emateko sortu zen talde hau. Azkenean, errepertorioan Jimi Hendrixen abestiak sartu genituen, eta ohartu ginen gure estiloa horixe zela. Inprobisatzeko rock blues psikodelikoa da aproposena gure ustez. Betidanik entzun dugu Jimi Hendrixen musika. Guretzako erreferente bat da. Musikaren panorama guztia aldatu zuen berak, eta bere hamarkadan mugarri handia izan zen. Guretzako ere hala izan da; beti gaude Jimi Hendrix entzuten, eta beti aurkitzen dugu zerbait berria. Gure musikan erreferente bat izan da; giro psikodeliko hori asko gogoratzen dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide