Astebururako antolatu dute Orioko XXI. Surf Txapelketa

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 24a

[caption id="attachment_110218" align="aligncenter" width="300"]Oriotarrek soillik parte hartu dezakete Orioko Surf Txapelketan. (Egilea: OST) Oriotarrek soillik parte hartu dezakete Orioko Surf Txapelketan. (Egilea: OST)[/caption] Udazkenarekin batera surfean aritzeko baldintza egokiak iritsi direla aprobetxatuz, astebururako surf txapelketa antolatzeko asmoa du Orioko Surf taldeak. Itsasoak baldintza egokiak eskaintzen baditu Orioko XXI. Surf Txapelketa hilaren 27an eta 28an, larunbatean eta igandean, jokatuko dute, 10:00etatik 19:00etara bitartean eta igande arratsaldean jokatuko dituzte finalak. «Itsasoak ezustekoak ematen ditu eta zaila izaten da data egokiarekin asmatzea» azaldu du Orioko Surf Elkarteko kide Gotzon Igoak. Iaz esaterako hilabete baino gehiago atzeratu behar izan zuten txapelketa. Orioko 21. Surf Txapelketa lau modalitatetan banatuko da: txapelketa irekia, nesken txapelketa, 16 urte azpikoena, Body Board-a eta Long Board-a. Txapelketan parte hartu nahi dutenek, surf taldeak hondartzan duen lokalean eman beharko dute izena larunbata bitartean. Adin eta maila desberdinetako surflariak parte hartuko dute txapelketan eta talde bakoitzak «itsasoak baldintza desberdinak» izatea nahi izaten duela aitortu dute antolatzaileek. «Haurrek eta neskek esaterako nahiago izaten dute olatu handiegiak ez izatea eta gainontzekoek itsasoa soberan izatea nahi dute. Ez da erraza denen gustuko baldintzak bat etortzea». Gero-eta surflari oriotar gehiago Oriokoa txapelketa herrikoia denez, oriotarrei mugatua dago parte-hartzea. «Lehiaren gainetik, surfaz gozatuz ondo pasatzea eta giro ona sortzea da txapelketaren helburua». Ildo horretan, larunbata gauerako afaritxo bat prestatuko dute partaide guztientzat eta «musika eta giro ona» izango dela ziurtatu dute antolatzaileek. Azken urtetan 50-60 lagun inguru bildu da txapelketan. «Hasieran elkartea eta txapelketa sortu zenean bi koadrila biltzen ziren hondartzan surfean aritzeko. Orain egoera bestelakoa da, haur eta gazte asko aritzen da surfean eta gero eta gehiago gara» azaldu du Igoak. Gero eta surflari gehiago badago ere, herriko surf mailan ez dela hobekuntza nabarmenik izan uste dute Orioko Surf Elkarteko kideek. «Itsasoan espigoi handia egin zutenetik olatu gutxiago izaten dugu hondartzan eta baldintza jakinetan soilik sortzen da surferako itsaso aproposa». Dena dela, Orioko Surf Taldeak oriotarrak surfean egitera animatu nahi dituzte. Bestalde, surf elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie Orioko Udalari, Pukas etxeari eta Urtzi Garmendiari, txapelketa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide