Sasoian.info
Babyauto ZRT-k larunbat arratsaldean jokatu zuen 2014-2015 denboraldiko lehen partida Astin, etxekoen aurrean, eta debuta ezin hobea egin zuen, garaipen irmoa eskuratuz. Azken emaitza 74-0koa izan zen. Aurkaria Bathco Rugby B kantabriarra izan zuen, eta hasiera baten lehia gogorra aurreikusten bazen ere, Babyautoko jokalariak aise menderatu zituzten Bathcokoak. Ooso motibaturik eta ideia argiekin irten ziren zelaira zarauztarrak. Lehen minututik argi geratu zen talde bakoitzaren maila, eta etxekoen aldeko puntuak bata bestearen atzetik etorri ziren. Lehen zatiarako partida erabakita utzi zuten, 38-0ko markagailu argiarekin. Bigarren zatian partidoak bide berdinetik jarraitu zuen; etxekoek ez zuten erritmoa jaitsi eta bisitariek ez zuten inolako aukerarik izan.
Partida garrantzitsua aurreko asteko porrotetik errekuperatzeko, zalantzarik gabe. Datorren astean Aviles aldera bidaiatuko dute, Belenos rugby taldearen aurka jokatzeko. Mailara igo berria den taldea da, eta azken asteetan zenbait jokalari atzerritarrekin indartu dira. Beraz lanak ongi egin beharko dituzte, emaitza on batekin itzultzeko.
Bigarren taldea eta 16 Azpiko gazteak Bigarren talde seniorrak ere beraien prestakuntzan jarraitzeko asmoz, lagunarteko partida bat jokatu zuten Landareko zelaian, La Unica taldearen aurka. Lehen zatia n parekatu samar ibili baziren, 36-5ko emaitzarekin bukatu zen partida etxeko taldearen alde. 16 Azpiko gazteek ere lagunartekoa izan zuten Atletiko San Sebastian-en aurka Astiko zelaian, eta 42-0ko emaitzarekin irabazi zuten.