Miriam Herbon: "Gaur egun ama izateko presio asko jasaten dute emakumeek"

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 24a

MIRIAM_HEBR_NMiriam Herbón (Basauri, 1978) jabetza prosezuetan hezitzailea da, eta horrez gain, genero indarkerian aditua da eta aholkularitza lanak ere egiten ditu. Ikasturte honetan Azpeitiko Emakumeen Txokoak antolatu dituen ikastaro bateko hezitzailea izango da. Hala, Amatasun nahiaren mila galdera izeneko ikastaroa eskainiko du urriaren 1etik azaroaren 19ra. Eskolak 17:30etik 19:30era izango dira, asteazkenetan. Ikastaroetarako izena emateko epea gaur amaituko da. Herbonek adierazi duenez, ikastaro honetan, besteak beste,  amatasunaren gogoa aztertuko dute: «Emakumeek ama izatearen zama eramaten dute bizkar gainean. Ikastaro honetan azaldu nahi dugu zilegi dela emakumeek ama izateko edo ez izateko erabaki askea izatea». Zein da ikastaro honen helburua? Gaur egun gizarteak dio emakume guztiek, emakumeak izateagatik bakarrik, amak izan behar dutela. Ikastaro honetan, hori gezurra dela ikusiko dugu. Izan ere, ama izatearen erabakia emakume bakoitzak hartu behar du. Nolakoa da gaur egungo gizartearen presioa? Gizarte honek baztertu egiten ditu amatasun nahirik ez duten emakumeak. Baina, ama-sena ez da existitzen, desioei buruz hitz egin behar dugu. Izan ere, emakume bakoitza desio desberdinetatik abiatzen da ama izatera. Horregatik, oso garrantzitsua da emakume bakoitzak desio horien inguruan gogoeta bat egitea. Hau izango da ikastaro honetako helburuetako bat. Eta zein dira desio horiek? Mota askotakoak izan daitezke. Desioaz hitz egiten dugunean, ama izateko desioa izatea edo ez izateaz ari gara. Adibidez, emakume batzuek beren bikotekidearekin zuten harremana berreskuratzeko asmoz erabakitzen dute ama izatea. Eta azkenean guztiek sufrituko dute: bai umeak, bai emakumeak, bai bere bikotekideak. Beste desiorik aipatu al dezakezu? Bai. Beste desio bat nahiarena da. Hau da, emakumeek, haurdunaldian eta ama izatearen prosezu osoan zehar, atentzioa eman nahi dute, guztien arreta eskatzen dutelako. Eta, horrela, berriro ere guztiek sufritu egingo dute, hori ez delako benetako amatasun gogoa. Nola jakin dezakegu ama izateko desio horiek egokiak edo desegokiak diren? Emakume bakoitzak, bere barnean hausnarketa bat eginez. Hau da, geure buruari ama izan nahi dugun edo ez, noiz nahi dugun izan, noiz eta norekin izan nahi dugun galdetu behar diogu. Izan nahi dugun ama mota ere aztertu eta pentsatu behar dugu. Nola baztertu dezakegu lehen aipatutako gizartearen presio hori? Presioa alde batera uzteko, oso garrantzitsua da irmotasuna lortzea. Hau da, gure nahiak izan behar ditugu kontuan, eta ez gure ingurukoenak. Gizarteaz gain, nortzuk dira presio hori eragiten dutenak? Presio hori, beharbada, aiton-amona izan nahi duten gurasoek edo aita izan nahi duen bikotekide batek eragin dezake. Emakumearen desioa edo nahia kontuan izan gabeko presioak dira. Gainera, emakumeak ere bere presio propioari ere aurre egin behar dio. Zein dira emakumeen presio propio horiek? Azkenean, gehituz doazen presio askoren multzoa da; hizkera arruntean erloju biologikoa deritzona. Egia da ama izateko adin egokiak badaudela, baina presio horrekin emakumea hertsatzen da, eta ez zaio erabakia modu askean hartzen uzten. Nola eragiten dio emakume bati ama izateko presio hori jasateak? Emakume bakoitzak modu desberdinean azaleratzen ditu ama izateko desioak. Baina ondoez emozional ugari izaten dituzte. Izan ere, ama izateko desioa desegokia bada, umearen heziketan erabilitako amatasun eredua ez da oso positiboa izango. Ondoez  hori ezkutuan edo azalean egon daiteke, baina lehenago edo beranduago azaleratu egingo da. Beraz, emakume guztiek ez dute amatasun gogorik izan beharrik derrigorrean, ezta? Senaz hitz egiten dugunean, emakume guztiek derrigorrez izan behar duen zerbait dela uste dugu, baina hori ez da horrela. Hori guztia gure gizartean murgilduta dauden estereotipoetako bat da. Lehen aipatu dituzun desio horiek, guztiz kontzienteak izaten al dira? Ikastaro honen helburuetako bat ama izateko erabakiaren inguruan argi gehiago eskaintzea da. Hau da, erabaki hori gure bizia erabat aldatuko duena da, eta oso argi izan behar dugu erabaki horren zergatia. Beraz, ez da nahita egiten den zerbait. Erantzukizun handia dakarren erabakia da, zure ustez. Bai. Adibidez, etxe bat erosteko erabakia hartzea oso garrantzitsua da, baina ez seme edo alaba bat izatearen tamaina berekoa. Ume bat izateak erantzukizun handia dakar, ez da edozer gauza. Honez guztiaz gain, gai gehiago aztertuko al dituzue ikastaro honetan? Biologikoak ez diren amatasunak ere aztertuko ditugu; adibidez adopzioa eta harrera familia. Aukera horiek ere kontuan izan behar ditugu. Izan ere, badaude emakumeak, intseminazio prozesuetan murgiltzen direnak adopzioa ez dutelako onartzen. Hau da, beraien pentsamenduaren arabera, beren barnean eramaten ez duten umea ez dute bere sentitzen. Nola eragiten du ideia horrek emakumeengan? Ideia hori faltsua dela kontuan izan behar dugu. Min handia eragiten dio emakumeari, estuasuna, depresioak, identitate krisialdiak... nahigabetu egiten dituen ideia da. Hau horrela dela pentsatzea oso larria da. Nola landuko dira gai hauek ikastaroan? Ikastaroaren saio bakoitzak bi ordu iraungo ditu. Lehenengo atalean azalpen teorikoa landuko dugu; gero, ikastaroan parte hartuko duten emakumeen ideia guztiak eztabaidan jarriko ditugu. Emakume bakoitzak bere bizipenak mahai gainean jarriz, presio horiek elkar batu egiten dituztela konturatuko dira. Gero, presio horiek ezabatzeko moduak landuko ditugu. Ama ezkongabea izatearen ideia ere landuko duzue, ezta? Noski. Aukera hori dagoela erakutsiko dugu ikastaroan. Oso zabalduta dago ama izateko bikotekidea eduki behar denaren ideia, eta hori ez da horrela. Emakumeak berak ama izateko banakako gaitasun osoa dauka. Ez dauka bikotekide baten beharrik ama izan ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide