EAJko kideak, aurrean Xabier Txurruka alkategaia dutela.
Zarautz prest dinamikaren barruan, sei talde sortu ditu EAJk. Horien helburua EAJk dal hauteskundeetan aurkeztuko duten egitasmoaren ideia nagusiak landu eta adostea da. Herritarrek nahi duten taldetan hartu ahalko dute parte. Xabier Txurruka alkategairen arabera, herritarak inplikatu nahi dituzte proiektua "serio eta errealista" horretan, Zarauzko premiei eta herriari bultzada berria emateko.
Ondoko gaiak landuko dituzte sei talde horietan: gizartea eta ongizatea, ekonomia, etxebizitza, hirigintza eta azpiegiturak,
Gobernu Ona eta herrigintza. Maribel Albizu, Jesus Arana, Txurruka, Maite Garrastazu, Imanol Lasa eta Nekane Iribar izango dira talde bakoitzaren arduradunak, hurrenez hurren. Albizu Gizarte Zerbitzuetako saileko arduraduna izana da, eta "aitzindari" ere bai Berdintasun, Hirugarren Adina eta Immigrazio alorrak lantzekoan. Arana, berriz, enpresa eta kirol taldeen kudeaketan "urteetako eskarmentua" du. Talde horretan, besteak beste, jarduera ekonomikoa bultzatzea; langabetuen formazioa eta kontratazioa areagotzea eta industria, baserritarren jaduera eta merkataritza laguntzea izango dira jorratuko dituzten gai nagusiak.
Txurruka etxebizitza politika taldeaz arduratuko da, eta bertan alokairua bultzatzeko eta babestutako etxeen proiektuen garapena berrabiarazi edo azkartzeko aztertuko dituzte. Hautagai jeltzalea etxebizitza babestuen garapen eta sustapenean trebatutako arkitektoa da. Garrastazuk instalazio eta ekipamenduak; aparkalekua, ingurugiroa eta garbitasuna hobetzeko lan egingo du herritarrekin hirigintza eta azpiegiturei buruzko lan taldean.
Pasa den legealdian Herritarren Parte Hartze Bulegoa martxan jarri zuen Lasak aldundian, eta
Gobernu Ona atalaren barruan zarauztarrekin batera udal "ireki, arin eta eraginkorra" finkatzeaz gain, herritarren arreta eta diru laguntzen kudeaketa hobetzea izango da Lasaren helburua. Iribarrek, Zarauzko Uri Buru Batzarreko kideak kultura eta euskararen sustapena; kirol praktika eta instalazioak; gazteria eta Zarauzko festa zein ospakizunen antolaketa jorratuko ditu bere lan taldean.
Herritarrekin egindako bileretan jasotako proposamenekin sei gaiko dokumentua osatuko dute, "zarauztar guztientzat izango den proiektuaren bide orri gisa". Beraz, zarauztarrei dei egin die aldez aurretik iragarriko diren taldeen bileretara joateko eta
zarautzprest@gmail.com helbidearen bidez ideiak helarazteko. "Guztiek dute zer esana", nabarmendu du Txurrukak.
Legealdi osoan egindako lanari jarraipena emango dio EAJk dinamika horrekin. Gogoratu du alderdiaren lehentasuna krisiari aurre egitea dela, eta
Zarautz Prest-en helburu nagusia babes sozialerako eredu jasangarria bermatzea izango da, jarduera ekonomiaren sustapenarekin uztartuz. Hauteskundeetatik harago, epe luzerako eragina izatea bilatzen du prozesu horrek.