Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udalaren jarduera herritarrei gerturatzea da helburua. Bi modutara jarraitu ahalko dira udalbatzarrak: internet bidez zein telebistaz. Bi bideetatik eman ahal izateko, Erlo telebistarekin elkarlanean jardungo du udalak. Udalbatzar aretoan internet konexioa eta emisioa zuzenean egiteko behar den guztia izango da. Zuzarautz.info webgunean sartu ahalko dute herritarrek saioa zuzenean ikusi ahal izateko; atal berezia sortuko dute horretarako. Telebistaz ikusteko, berriz, Erloren kanalera jo beharko da. Bihar eskainiko dute udalbatzarra zuzenean lehenbiziko aldiz. Gogoratu dute udalbatzarrak hileko azken asteazkenetan egiten direla.
Saio horretan, besteak beste, tasak izozteko eta behar berezietako laguntzak bere horretan mantentzeko proposamena eztabaidatuko dutela aurreikusi dute. Iaz hartutako bideari jarraitu nahi dio Udal Gobernuak, hala. "Testuinguru sozioekonomiko gogorra" medio, EH Bilduk "ezinbestekotzat" jo du fiskalitatean aldaketak egitea, "erakundearen eskumenek ahalbidetzen duten heinean, behinik behin". Hori dela eta, oinarrizko beharrak ase ahal izateko tasak izozteko proposatuko die Udal Gobernuak bihar gainontzeko alderdiei. Etxebizitza hutsei jarritako errekargoa tasen izozketa horretan sartuko lukete. Horrez gain, behar berezietarako laguntzak mantentzearen aldeko apustua ere egin du.