Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Auzipetutako 28 gazteak libre behar direla, konponbidea behar dela eta azpeitiarraren atxiloketa "irmoki" salatzeko, herritarrak gaur (asteartea), 19:00etan, herriko plazara deitu ditu Azpeitiko Libre lantaldeak. Bertan, asanblada eta konzentrazioa egingo dituzte, Epaiketa politikoei ez! Konponbideari bai lelo hartuta.
Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazte epaitzen ari direla salatu du Azpeitiko Librek: "Beste behin ere egoera larri batean aurrean gaude. 28 euskal gazte epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Sei urteko espetxe zigorraren arriskuan daude lan politiko soila egitearren". Hori erabat onartezina dela esan du Libre lantaldeak, eta "lege injustuen" aurrean desobedientzia aldarrikatzeko garaia dela uste dute. Horretarako aukera, igandetik Loiolan osatuta egon den Aske Gunea izan dela diote.
Epaiketara joan gabe Loiolan gelditutako bost auzipetuak atxilotzera etorri eta ertzainek izandako jarrera "erabat onartezina" da Azpeitiko Librekoentzat: "Bost gazteak babesteko Herri Harresia osatu zuten lagunak indarkeria handiz hartu zituzten, eta azpeitiar bat atxilotu zuten. Sudurrean zauri nabarmenak zituen atxilotutakoak eta erietxera eraman behar izan zuten". Azpeitiko Libretik elkartasunik beroena adierazi diote azpeitiarrari.
Azpeitiko hainbat sektoretako herritarrek Aske Gunea aurrera ateratzeko egindako lana "txalogarria" izan dela esan dute, baita Herri Harresian erakutsitako jarrera ere. "Hau da bidea! Euskal Herrian azken urteotan hainbatetan adierazi dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eman nahi diogula. Lege injustuetan oinarritutako epaiketa politikoak erabat lekuz kanpo daudela. Bake aukera hau nola hala zapuztu nahi digute. Baina aurrera goaz. Konponbidearen hautua egina dugu eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko", esan dute Librekoek.