Atzo hasi zen
28 gazteren kontrako epaiketa Madrilen. Atzo deklaratu zuten zortzi gazteetatik zazpik torturak salatu zituzten. Segiko kide izatea leporatu eta seina urteko kartzela eskatzen diete. Auzipetuetako bat
Beñat Lizeaga zumaiarra da eta gaur deklaratu du. "Lan egin dut, egiten dut eta egingo dut Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde", esan du deklarazioa hasi orduko. Zumaiako Gaste Asanbladan aritu izan dela esan du, eta ZUGAk udalari aurkeztutako Gazte Manifestua, "etxebizitza duin baten aldeko" manifestua zela. Donibane Garazin atxilotu zuten, eta han bizitza publikoa egiten zuela adierazi du, eta Izpurako itxialdiaren ondoren Eurodiputatu baten etxean bizi zela.
Gaur goizeko saioan Imanol Beristainek, Ruben Villak, Xabat Moranek eta Ainara Ladronek deklaratu dute. 15:45ean hasi da arratsaldekoa.
Berria.eus epaiketaren jarraipena egiten ari da. Hamar lagunek deklaratu behar dute gaurkoan, eta Lizeaga da azkena zerrendan.
Lehen egunean ez bezala, gaur auzipetu guztiak egon dira epaiketaren goizeko saioan. Izan ere, Loiolako Aske Gunean gelditu ziren bost auzipetuak atxilotu egin zituen Ertzaintzak atzo arratsaldean, eta Madrilera eraman dituzte. Aurrena Zarauzko Ertzainetxean eduki zituzten, eta lekukoek HITZAri jakinarazi diotenez, beren senitartekoekin egoteko aukera izan zuten. Fiskalak bost auzipetuak espetxeratzeko eskatu zuen, eta horixe agindu du gaur eguerdian Murillo epaileak. Lizeagak nekatuta aurkitu ditu atzo Ertzaintzak Madrilera eramandako bost kideak: «Bezperako arropa berarekin iritsi dira, ertzainek ekarri dituzte epaitegira, eta nekatuta daude. Haietako bat mediku forentseak ikusi du, belarri atzean zauri bat zuelako», kontatu dio eguerdian telefonoz HITZAri.
Gazte auzipetuez gain, beste bi lagun ere atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Loiolan. Auzipetuei babesa adieraziz
herri harresia-n parte hartu zuten bi herritar. Goierrikoa bat, azpeitiarra bestea. 02:00ak aldera aske gelditu dira, baina desobedientzia eta erresistentzia leporatu dizkiote.
Babesa Madril eta Azpeitian
Lizeagak eguerdian egunkari honi jakinarazi dio gaur iluntzean Vallecas auzora joatekoak direla bera eta gainerako auzipetuak. Izan ere, bertan harrera egin behar diete Alfon Libre taldekoek. «Talde horrek ez dauka zerikusirik hemengo Libre mugimenduarekin. Taldea sortu dute pertsona bat epaituko dutelako Auzitegi Nazionalean greba orokor bateko istiluengatik. Horrek lotzen gaitu, eta positiboki baloratzen dugu halako harremanak egitea». Madrilen eta Katalunian harreman gehiago egitea da gazte auzipetuen asmoa.
Horrez gaur bertan izango da bestelako ekitaldirik. Azpeitian, esaterako, batzar bat egingo dute 19:00etan plazan, eta ondoren elkarretaratzea.