Jendetza elkartu da basilikaren aurrean, eguerdian(Ane Olaizola)[/caption] Bihar hasiko da 28 gazteen aurkako epaiketa Madrilen, eta tartean Beñat Lizeaga zumaiarra epaituko dute, Segiko kidea izatea egotzita. Epaiketaren bezperan babes zabala jaso dute auzipetuek. Ehunka lagun elkartu dira Loiolan egin duten agerraldian, eta hain zuzen, "epaiketa politikoak geratzeko" eta "konponbidean urratsak emateko" herritarren konpromisoa eskatu dute. "Desobedientziara" jo dute, eta auzipetu bakoitzak "bere modura" egingo du, "baina guztiok kolektibo bezala", eta helburu berdinarekin. "Euskal Herriaren askatasuna erdiesteko, egun martxan den konponbide prozesua bultzatzea eta honen aurkako erasoen aurrean herri harresia eraikitzea". Aske Gunea sortu dute Loiolan, eta auzipetuetako batzuk han geratuko dira datozen egunetan, eta herritarrei dei egin die bertara joan daitezen. "Salbuespen legedia desobeditzeko prest gaude forma eta desberdinak oinarri izanda. Baina bide hau ez dagokigu bakarrik egitea. Horregatik dei egiten diegu herritarrei euren ekarpena egitera". "Elkartasunetik konpromisora" joatearen beharra azpimarratu dute: "Gutako bakoitza, herritar bakoitza izan behar gara subjetu aktibo. Denak gara beharrezko. Eta beraz, epaiketa politikoak gelditzea ere justizian oinarritutako demokrazia eta bakea helburu dugun guztion ardura da. Indarrak biltzeko garaia da, batera ekiteko garaia". Agerraldia amaitu bezain pronto hasi dira Aske Gunea antolatzen, basilikaren aurrean. Bazkalondoren hasiko dira karpa jartzen, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte. "Inolako berme juridikorik gabe eta torturapeko deklarazioak oinarri, sei urteko espetxe zigorra jasateko arriskuan aurkitzen gara", esan dute auzipetuek. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatuta epaituko dituzte bihartik Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta haren izaera salatu dute: "Justizian baino, mendekuak oinarritutako gerra epaitegia den Auzitegi Nazionalean epaituak izango garen 28 herritarrak, gazte militante politikoak gara. Halaxe ginen gure etxeetatik indarrez bahitu eta komisaldegian torturatu gintuztenean, baita Euroaginduaren aurka Izpuran itxialdiari ekin genionean, eta halaxe jarraitzen dugu". Auziaren "zentzugabetasuna" salatu dute, eta epaiketa "borrokarako esparru" gisa planteatu dute. "Konponbide demokratikoa eraikitzeko apustua egiten dugu, eta gure indarra eta ekarpena herri honek behar duen bake agertokira eramatean oinarrituko dugu".