Errepublika garaiko azken Udal Gobernua oroitzeko plaka bat jarriko dute bihar Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 19a, 12:20

Azpeitiko Udalak, 1936ko Udal Korporazioari omenaldia egitea onartu zuen uztaileko Udalbatzan. Omenaldia bihar izango da Azpeitiko udaletxe azpian eguerdiko 12:30ean. Udalak azpeitiar guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldi honetara. Azpeitiko Udalak adierazi duenez: "Agintari abertzaleen duintasuna eta oroimena aldarrikatu nahi du udalak eta horretarako dantzariak eta musikariak izango dira eta ondoren, 1936ko Udala osatzen zutenen omenezko plaka ezarriko da udaletxearen sarreran". Ondorengo testua azalduko da bihar ezarriko duten plakan: "Errepublika garaiko azken korporazio demokratikoari. Herriaren askatasunaren, Errepublikaren eta demokraziaren alde zeuden Jose Antonio Oiarzabal Oiarzabal eta Ciriaco Agirre Zinkunegi alkateei, Antonino Olaizola Etxeberria, Jose Maria Aramendi Estala, Jose Manuel Agirre Etxeberria, Luis Goenaga Odriozola, Demetrio Egiguren Barrutia, Francisco Arregi Etxaniz, Miguel Irureta Peñagarikano, Jose Maria Sorozabal Zulaika, Manuel Olazabal Gurrutxaga, Jose Antonio Altuna Garate, Marcos Urbistondo Zendoia, Jose Antonio Arruti Garagarza eta Emeterio Alberdi Agirre zinegotziei eta udal langileei". Azpeitiko Udalak azpimarratu duenez: "Gaurko azpeitiarrok beraien duintasuna eta oroimena aldarrikatzen dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide