Garapenean Bidelagun Aste Solidarioak bidezko merkataritza izango du ardatz

Ane Olaizola 2014ko irailaren 19a

Azkoitian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek hartuko dute parte ekimenean
(Azkoitiko Udala) Iaz egin zuten lehenengo aldiz Garapenean Bidelagun Aste Solidarioa Azkoitian, eta orduko balorazio posiboa egin ostean, ekimenarekin jarraitzea erabaki dute aurten ere. Herrian lan egin duten gobernuz kanpoko erakundeen eta udalaren artean antolatu dute ekimena, eta hurrengo aste osoan ekintza ugari egingo dituzte. Aurten, Acoes, Gazteak eta Garapena, The Direct Help Fundation-Kathmandu, Parapeti-Bolivia, Nava Jeevan-Bizi Berria, Bidezko Merkataritza taldea, Behar Bidasoa eta Mundu Solidarioa Helburu erakundeek hartuko dute parte aste solidarioan, euren lana azaleratzeko asmoz. Beste behin, Iparraz eta Hegoaz hausnartzeko bidea ireki nahi dute antolatzaileek, eta aurtengoan bidezko merkataritza izango dute ardatz. Antolatzaileen arabera, "herrialdeen garapenaren arloan lan egiten duten taldeak plazaratu" nahi dituzte. "Lehen diru bilketa bakarrik egiten zen, baina taldeen atzean daudenei aurpegia jarri nahi diegu". Euren lana azaleratzeko, beraz, erakunde horien guztien bideo emanaldiak eskainiko dituzte asteartetik ostiralera bitartean, Turre Zuri erakustokian. Iazko egitarau antzekoa prestatu dute hurrengo asterako, eta bideo emanaldiek, hitzaldiek eta larunbateko ekitaldiek osatuko dute Aste Solidarioa. Hala, larunbatean, hilaren 27an, Azkoitian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek euren postuak jarriko dituzte, eta eguerdian Iparra-Hegoa testu irakurketa egingo dute. Bertan, Iparraren eta Hegoeran arteko harremana oinarri duten testuak irakurriko dituzte herriko plazan. Poesia, prosa, bertsoak, esaldiak… nahi dituzten hizkuntzetan irakurtzeko aukera izango dute herritarrek. Joan zen urtean bezala, "irakurketa irekia eta zabala" izango da, eta nahi duen orok hartu dezake parte. Testu batzuk han izango dira, jada aukeratuta, baina norberak ere eraman ahal izango ditu. Honako egitaraua izango du Aste Solidarioak, eta antolatzaileek herritarrei dei egin die bertan parte hartu dezaten:
  • Irailak 23tik 26ra: Azkoitian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen bideo emanaldiak, Torre Zurin, 18:00etatik 20:00etara.
  • Irailak 23, asteartea: Haiti Cherie (Claudio del Punta, Italia, 2007) filma, 19:00etan, Elkargunean.
  • Irailak 25, osteguna: Bidezko merkataritzari buruzko hitzaldia, Jose Mari Iriondorekin. 19:00etan, Elkargunean.
  • Irailak 26tik 29ra: Un novio para Yasmina (Irene Cardona, Espainia, 2008) filma, Baztartxo antzokian, ohiko ordutegian.
  • Irailak 27, larunbata: - 11:00-14:00, plazan: Azkoitian lanean ari diren Gobernuz kanpoko erakundeek postuak jarriko dituzte, egiten duten lanaren ingurukoak azaltzeko. - 12:00etan, plazan: Iparra-Hegoa testu irakurketa.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide