Zilarrezko Arraintxoak irakurle taldea sortu dute Azkoitian

Ane Olaizola 2014ko irailaren 19a

[caption id="attachment_109391" align="aligncenter" width="300"]Arrieta eta Elorza, Aizkibel Liburutegi aurrean. Arrieta eta Elorza, Aizkibel Liburutegi aurrean.[/caption] Azkoitiko Udalak eta Aizkibel Liburutegiak Zilarrezko Arraintxoak irakurle taldea sortzeko ekimena jarri dute martxan, elkarlanean. Irene Elorza izango da taldeko dinamizatzailea, eta hileko azken asteazkenetan elkartuko dira, literaturaz hitz egin eta eztabaidatzeko. Lehenengo saioa hurrengo asteartean izango da, 19:30ean, eta hitzaldi batekin hasiko dute ekimena; Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak bere azken eleberriaz hitz egingo du, Apirila: nobela baten zainak izenpean. Hain zuzen, taldeari proposatutako lehenengo liburua izango da bere azken lana, Apirila (Susa, 2014). Irakurle taldean parte hartu nahi duenak Aizkibel liburutegian edo hango telefonora, 943-85 08 98, deituta eman dezake izena.  Euskal literatura, itzulpenak, garai eta genero desberdinetako lanak… jorratzeko gune bilakatuko dute Azkoitiko Aizkibel Liburutegia. Liburutegiko arduradunetako bat den Karmen Arrietak esan duenez, "irakurtzea banakako ekintza izanik, literatura solasaldiak esperientzia hori besteekin partekatzeko aukera ematen du. Moderatzailea egonda gainera, aberasgarriagoa izan daiteke liburuaren arlo desberdinak aztertzea; eta, nola ez, euskaraz irakurtzeko ohitura indartzeko”. Hileko azken asteazkenetan— abendukoan izan ezik—, 19:00etatik 20:30era elkartuko dira liburutegian, eta kideek hilero jasoko dute saioari buruzko informazioa. Era berean, blog bat sortuko dute, proposatutako liburu eta egile bakoitzaren nondik norakoak biltzeko. Dagoeneko zehaztu dute urtarrilera arteko egutegia, eta astearteko hitzaldiaren ostean, urriaren 29an Apirila (Iñigo Aranbarri, Susa, 2014) liburua landuko dute. Azaroaren 16an, berriz, Alice Munroren Zorion handiegia (Meettok, 2012) jorratuko dute, eta abenduaren 17an, berriz, Georges Perecek idatzitako Gauzak (Igela, 2014) liburua izango dute hizpide. Urtarrilaren 28an Miren Agun Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) liburuaz hitz egiteko elkartuko dira. 2015eko egutegiari dagokionez, honako egunetan egingo dituzte saioak: otsailak 25, martxoak 25, apirilak 29, maiatzak 27 eta ekainak 24. Azken hau ekitaldi berezia izango da. Taldeari Zilarrezko Arraintxoak izena jarri diote. Azaldu dutenez, zilarrezko arraintxoak Thysanura intsektuak izendatzeko ere erabiltzean da. Paper-jaleak dira intsektu horiek, eta horregatik jarri diote izen hori Azkoitiko irakurle taldeari, "liburu paper-jaleak bildu nahi dituelako", esan du Irene Elorzak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide