Igandean egingo dute Endoiako bigarren mendi lasterketa

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 19a

[caption id="attachment_74086" align="aligncenter" width="300"]Endoiako Uztapide plazan hasi eta bukatuko da Endoiako mendi lasterketa (Nerea Uranga/Hitza) Endoiako Uztapide plazan hasi eta bukatuko da Endoiako mendi lasterketa (Nerea Uranga/Hitza)[/caption] Bigarrenez antolatu dute Endoiako Mendi Lasterketa. Igandean izango da, eta 11:00etan hasiko da. Iazko ibilbide bera izango du, 8,6 kilometroko distantziarekin: kirolariek Uztapide plazatik irten eta bidezidorretik Agiro aldera abiatuko dira. Ondoren, bertatik plazara itzuliko dira berriro. Orain arte 30 lasterkari inguruk eman dute izena herrikrossa.com webgunearen bitartez. Hala ere, Endoiako lasterketaren egun berean ere izena emateko aukera izango da 10:30ak arte. 12 euro ordaindu beharko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, lasterketaren egunean bertan ematen dute izena lasterkari gehienek: «Eguraldiagatik edo azken uneko zalantzak direla-eta, igandean bertan etortzen dira parte-hartzaile gehienak». Hurrengo urtean ere bai Endoiako kirol probaren antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrez gain, eskualdeko jendeak ere hartzen du parte lasterketa honetan: «Gipuzkoa osotik etortzen dira ekitaldi honetan parte hartzera. Besteak beste Donostiatik, Zarauztik eta Elgoibartik etortzen dira». Endoiako Mendi Lasterketa irabazten dutenek, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan, txapela eta kopa eramango dute sari moduan. Horretaz gain, nekazal etxe batean egonaldi bana irabaziko dute. Bigarren eta hirugarren sailkatuek afari bana eskuratuko dute. Lasterketako antolatzaileek iazko lasterketan egon zen giro ona azpimarratu dute: «Jendea gustura ibili zen, eta eguraldiak ere lagundu egin zuen. Denak ondo jarraitzen badu, ondorengo urteetan ere Endoiako Mendi Lasterketa antolatzen jarraituko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide