"Ziklopea, zeruko eta lurreko semea, boteretsu jarrita dago, horizontea begiztatzen duen zaindaria. Trankil eta babesle begiratzen du bere lurreko eremua, eta erne jartzen gaitu itsasoko aldaera misteriotsuen eta hango izaki bitxien aurrean". Duela 18 urte idatzi zituen hitz horiek Daniel Txopitea artistak, Ziklope zaindaria eskulturaren maketa egin zuenean. Maketakoa gorpuztu, eta Nafarroa kaleko biribilgunean jarri dute, eta aurrerantzean ziklopeak bertatik babestuko du herria itsasotik etor daitezkeen arriskuetatik, gau eta egun.
Atzo eguerdian inauguratu zuten artelana, eta bertan izan ziren Txopitearen senitartekoak —Ainize Txopitea alaba eta Begoña Zendoia alarguna—, arte eta kultura munduko ordezkariak, udal ordezkariak eta beste hainbat herritar. Txiki Agirre Keixeta, Juan Luis Mendizabal Mendi, Imanol Urbieta, Juan Antonio Mendizabal, Joxean Agirre, Gorka Landaburu, Edorta Kortadi... Inork ez zuen galdu nahi izan Zarautzen hainbat urtetan bizi izan zen artistaren eta haren arte ondarearen aitortza.
Zarauzko Udalak Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza artisten nahia bete du hala. Duela hamalau urte gutun bat bidali zuten Zarauzko Udalera eskaera argi batekin: «Pentsatzen dugu kulturalki interesgarria izan daitekeela Daniel Txopitea artistaren obra bat jartzea, eta horren bidez aukeratutako espazioari prestigioa ematea».
Artistaren lanen «maila altua» eta Zarautzekin zuen harreman «estu eta luzea» aipatu zituzten, eta euren nahia betetzeko egin zitekeen guztia egiteko galdegin zieten orduko agintariei. Hamalau urte geroago, merezitako omenaldia egin diote artista ermuarrari, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik esan duen bezala, «herriak harekin zuen zorra kitatuz».
Handia da eskultura, «zaindaria izan nahi duelako». Zehazki, 3,70 metro neurtzen ditu. Hiru dimentsioko obra da, altzairu galbanizatuz eginda dago eta pintura beltzarekin margotuta.
Oteiza eta Txopitea
«Egi bihurtu den ametsa» izan da Begoña Zendoia alargunaren esanetan, eta Txopitearen alabak nabarmendu du eskultura horrekin aita «bizirik»—1997an hil zen— dagoela: «Orain Zarautzen izango dugu Txopitearen ibilbidea laburbiltzen duen eskultura». «Dauden lekuan daudela ere», Basterretxea, Oteiza zein Txopitea bera ere irrifartsu irudikatu ditu Gari Berasaluze Kultura zinegotziak, Zarautzek azken horri egindako aitortzagatik. Oteizaren Estela a Madoz ekarri du gogora, eta orain Ziklope Zaindaria-rekin lotuta egongo dela: «Oteizaren eskultura fraileetako komentura begira dago, eta ziklopea kostara. Bata sustraietara, eta bestea itsasora. Kultur elkarrizketa batean».
«Denok daramagu ziklope zaindari bat barruan, inguruan ditugun mehatxuetatik babesten gaituen eta etorkizun hobea eraikitzen laguntzen digun gidari bat». Hori da Txopitea zenak adierazi nahi zuena eskultura horrekin, eta aurrerantzean herritarrek zein bisitariek gogoratuko dute barruko zaindaria ziklopea ikustean.