[caption id="attachment_109251" align="aligncenter" width="300"]

Iñaki Portilla eta Leire Etxaniz Azpeitiko zinegotziak diagnostikoa egiteko asmoaren berri ematen.[/caption]
Krisi ekonomikoa dela-eta, Azpeitiko Udalak pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko neurri eraginkorrak jarri nahi ditu martxan. Udalak adierazi duenez, udal gobernuaren lehentasuna «herritarrei ahalik eta zerbitzu eta laguntza hoberena eskaintzea da» eta, horretarako, herriaren benetako egoera ezagutzea beharrezkoa dela dio.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko abuztuko datuek adierazten dutenez, 302 azpeitiarrek jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta.
Leire Etxaniz Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eman ditu arrazoiak: «Konturatu ginen ez genuela ezagutzen krisi ekonomikoak herritarrengan duen benetako eragina. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak pobreziaren inguruko ikerketa zabala egin zuen, eta ideia hura gustatu egin zitzaigun. Hala, diagnostiko hura Azpeitian egitea erabaki genuen». Etxanizek adierazi duenez, «oso garrantzitsua da azpeitiarren bizi baldintzen errealitatea ezagutzea».
Herritarren beharrak
Azaldu dutenez, Azpeitia horrelako diagnostiko bat egingo duen lehendabiziko herria izango da: «Orain arte horrelako diagnostikoak egin dituztenak aldundia eta Eusko Jaurlaritza izan dira. Oso interesgarria izango litzateke Azpeitiko emaitzak Gipuzkoako eta Euskal Herriko pobrezia diagnostikoekin konparatzea», azpimarratu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Inkesta honen helburua, herritarren beharrak ezagutzea dela dio Etxanizek: «Diagnostikoaren emaitzak ezagutzerakoan, jakingo dugu nola aldatu beharko dugun Gizarte Zerbitzuetako politika edo zein erabaki hartu behar ditugun herritarren arazo ekonomikoei aurre egiteko. Izan ere, herritarren beharrak asetzeko Azpeitiko Udalak zer egin dezakeen erabaki behar dugu».
Udalaren asmoa da diagnostikoaren emaitzak urte amaieran ezagutzea eta herriari aurkeztea: «Ondorengo bi asteetan 400-500 inkesta inguru egingo dira, eta galdetegia egingo zaien herritarrak zozketa bidez aukeratuko dira», argitu du Etxanizek.
Diagnostikoan parte hartzeko aukeratutako herritarrei aurrez aurreko inkesta bat egingo zaie. Etxanizek proiektuan parte hartzeko deia luzatu die azpeitiarrei eta, batez ere, «benetako egoeraren berri» eman dezatela eskatu die. Azterketarako datu errealak edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
SIIS enpresakoek egingo dute azterketa. Enpresa honetako langileak zozketa bidez aukeratutako etxebizitzetara hurbilduko dira galdetegia egitera. Bertaratu aurretik bizilagun horiekin harremanetan jarriko dira, eta inkestan parte hartzeko nahiz parte ez hartzeko aukera izango dute.
Azpeitiko Udalak herritarrak animatu nahi ditu diagnostiko honetan parte hartzera eta datu errealak ezagutzen laguntzera: «Badakigu norberaren ekonomiari buruzko galderak erantzutea oso zaila dela, baina benetako datuak behar ditugu herritarren benetako egoera ezagutzeko».
Galderak zehatzak izango dira
Etxaniz zinegotziak adierazi duenez, inkestan egingo diren galderak «zehatzak» izango dira. Besteak beste, etxebizitzan bizi diren pertsonen diru sarrerak, etxean bizi diren pertsona kopurua, etxekoek laguntza ekonomikorik jasotzen duten ala ez eta pobrezia energetikoa jasaten duten ala ez aztertuko da; hau da, etxebizitzako argia edo ura ordaintzeko arazorik izaten duten ala ez.
Azpeitiko Udalak azpimarratu du herritarrek emandako informazioa ez dela publiko egingo, konfidentziala dela, eta beraz, benetako datuak ematea eskatzen dute. Gaineratu dutenez, azpeitiarren pobrezia maila ezagutzeko bakarrik erabiliko dituzte inkesta bidez jasoko dituzten datu horiek.