Hemen, baina Europara begira

Ane Olaizola 2014ko irailaren 18a

EUSKALERRIAREN_ADISKIDEEN_«Etxe honetan hasi ziren biltzen gerora Zalduntxoak bezala ezagutuko zirenak». Duela 250 urte sortu zuten garai hartako zalduntxoek Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Azkoitiko Intsausti Jauregian, eta urteurren ospakizunetan, iraganari, egungo egoerari eta etorkizunari so egin diote elkarteko kide eta erakundeetako ordezkari politikoek. Egun berezia izan dute gaur elkarteko kideek, Eusko Jaurlaritzak haiek egindako lana aitortu baitu. Elkartea sortu zuten lekuan bertan egin dute ekitaldia dozenaka lagunek, eta hango kideak ez ezik, hainbat politikari eta herritar bildu dira: besteak beste, elkarteko zuzendari Fernando Salazar, Juan Bautista Mendizabal elkarteko Gipuzkoako lehendakaria, delegazioetako ordezkariak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Urrategi Alberdi eta Eneko Etxeberria Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak, eta Azkoitiko hainbat alkate ohi. Urkulluri harrera egitearekin bat hasi dute ekitaldia, jauregiaren aurrean, eta ondoren hasi da jardunaldi akademikoa. Areto nagusian, eta ondoko gelak ere beteta zirela, Mendizabalek «iragana gogoratu, oraina landu, eta geroa sustraitzearen beharra» azpimarratu du. Lehengo eta oraingo elkarteko kideek «Euskal Herrian burua eta bihotza errotuta, baina Europari besoak zabalik» izan dituztela berretsi dute, eta hain zuzen, Europari eta etorkizunari begira hitz egin dute ondorengo hizlariek: Maria Carmen Gallastegi EHUko ekonomia katedradunak, Juango Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan kadetradunak eta elkarteko kideak, Daniel Innerarity filosofoak eta Erresuma Batutik etorritako Craig Calhounek, London School of Economics and Politikal Science-eko zuzendariak. Baita lehendakariak berak ere: «Elkarteak duela hiru mende asmatu zuen aterki beraren pean nazioarteko presentzia eta etorkizuneko ikuspegia elkartzea. Gaur, XXI. mendean, bide berari egitearen aldekoa naiz», esan du. Eskozia hizpide Nazioen presentzia jorratu dute hainbatek, eta gaurkoan Eskoziak izan duen arreta berezia. Calhounek nazioen garrantziaz hitz egin du, eta hainbat arrazoi eman ditu bere ikuspegia defendatzeko. «Badago diskurtso bat globalizazioak nazioak ezabatuko dituela esaten duena, baina datu enpirikorik gabekoa da. Globalizazioa eta nazioa gaizki ulertzearen ondorioa da hori». Bere ustez, nazionalismoaren «ikuspegi okerra» ematen da askotan, «muturreko adibideak» erakusten dituztelako. «Ez dute nazionalismo mota guztiak erakusteko interesik». Nazioen presentzia defendatu du zuzendariak, baina ikuspegi erromantikotik urrunduta. «Nazioak munduaren garrantziaren parte dira, baina nazioak internazionalak dira. Askotan nazio baten barruko historia kontatzen da, baina ez dago barneko historia bakarrik duen naziorik». Calhounen iritziz, ez dago estatu subiranonik, beraz, Eskoziak ere ez luke izango erabateko burujabetza: «Herrialdea euren kabuz kudeatzeko ahalmena irabaziko dute, baina interdependentzia bat dago herrialdeen artean, errespetatu beharreko arauak eta eskubideak daude». Bi ideia nagusi Etorkizuna eta berrikuntza. Horiek izan dira hitzik errepikatuenak jardunaldietan. Aurrera egiteko berrikuntzaren premia azpimarratu dute hizlariek, ekonomiari edo politikari dagokionez. Era berean, sistema politikoari kritika zorrotza egiteaz gain, etorkizunari aurre hartzeko proiektuak sortzearen garrantzia nabarmendu du Innerarityk. Mendizabalek eta Salazarrek elkartearen sustraiak izan dituzte hizpide, eta Urkulluk bezala, sorrerako kideak goraipatu dituzte: «Duela 250 urte, oraingo gai antzekoak jorratzen zituzten. Beste mundu bat amesten zuten, Europaren bide ekonomiko berri baten alde egin zuten», esan du Mendizabalek. «Aitzindariak ziren eta helburu bat izan zuten: herria goitik behera modernizatzen ahalegindu, lurralde hau abangoardian egoteko». Urkullurentzat, elkartearen hasierako helburu horiek «inoiz baino biziago» daude gaur.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide