Eskoziako bihotzetik

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 18a

MIREN_ALTUNAIRITZIA. Miren Altuna Nirean egin ezin dudana Irailaren 18a. Zenbat aldiz errepikatu ote dute hedabideek data hau. Eskoziako erreferenduma. Askorentzat erreferendum erreferentea. Mundu guztiko obejktiboak hona begira jarri dira. Azken inkestek hautsak harrotu dituzte. Ezetzaren aldekoak lasai zeuden, aldearekin irabazten ari zirelako iraila aurreko inkestetan. Azken asteko inkestek, ordea, bestelakoa erakutsi dute. Lehenego aldiz baietza aurretik jarrita independentziari garaipena eman zioten. Eta aste berean, Cameron eta mandatarietan mandatarienak ziztu bizian etorri ziren Edinburgora. «Bihotza hautsiko zait» esanez bukatu zuen bere speech-a Westmisterreko buruak, promesak egin eta egin. Diadaren egunean Salmond lehen ministroak independentziaren aldeko prentsaurrekoa eman zuen mundu guztiko kazetarien aurrean, Kataluniari keinu bat eginez, eta promesak egin eta egin. Holyrood vs Westmister, Cameron vs Salmond. Hori da hedabideek erakusten digutena, baina guztiz bestelakoa da herrian sentitzen dena. Ez da politikarien buruz buruko bat. Ez luke ala izan behar, behintzat. Herriaren erabakia da, herriaren nahia. Eta datuek ala erakutsi dute. %97k eman dute izena erreferendumean bozkatzeko. Errekor historikoa. Bi urte pasa dira Londres eta Edinburgo ados jarri zirenetik. Bi urte pasa dira Eskoziak erreferenduma egiteko baimena jaso zuenetik. Bi urteko kanpaina. Bi urte luze eta herria piztu da. Eskozia piztu egin da. Baietza ala ezetza atera, argi dagoena da herria piztu egin dela eta piztu den herri baten txinparta, nekez itzaliko da. Inoiz ezertan bozkatuko ez lukeen jendea, inoiz politikaz jakin nahi izan ez duen jendea, inoiz inportantziarik eman ez dion jendea, gaur bozkatzera joango da. Biharko emaitzetatik haratago, Eskozian lortu dena inork ez die kenduko. Ez dute bizi politika. Ez behintzat ohituta gauden moduan. Sentimenduez hitz egiten da, nortasuna, garena, izan nahi duguna, herria, nazioa eta estatua. Hona etorri arte ez nituen gauza asko ulertzen. Neure buruari askotan galdetzen nion, zertarako bozkatu beharko nuke nik ez banaiz eskoziarra? Zein naiz ni nirea ez den herriaren etorkizuna erabakitzeko? Ulertu nuen gakoa. Ez da abertzaleen borroka bat. Eskoziarrei inoiz ez die inork ukatuko eskoziarra ez denik. Nazioa izatea inork ez die ukatzen, eta harro daude eskoziarrak izateaz. Abertzaletasunetik haratago doa. Gizarteak sistemaren aldaketa nahi du. Subiranotasuna. Gorbenu propioa eduki, eta ekonomikoki eta sozialki inoren menpe egon gabe bizi al izango diren gobernu propioa. Horregatik gaur, eskoziar ez direnek ere bozkatzeko aukera dute. Aukera dute eta dut. Bai, nik. Etorkina naiz, ia urtebe Wallace eta whiskyaren herrira bizitzera etorri nintzenetik. Euskal Herritik etorkizun hobe baten bila joandakoa, beste asko bezala. Eta ez, ez naiz eskoziarra, eta nik dakidala, ez dut odol eskoziarrik. Baina gaur bozkatu egingo dut. Gizarte honen parte naizelako eta sentitzen naizelako. Askok pentsatuko du zertarako egingo dudan. Esandakoa: abertzaletasuna ez da herri honen lehentasuna. Jendartearen eraldaketa da lehentasuna. Irailaren 18a da, iritsi da hainbeste aldiz entzundako eguna. Poza eta urduritasuna sentitzen ditut. Sentsazio arraro bat. Nire herrian egin ezin dudana gaur etorkin gisan etorritako herrian egingo dut: etorkizuna erabaki. Urduri nago. Nire elector number-a prest dut. Etxe ondoko hauteslekura joateko prest nago. Baina lehendabizi begiak itxiko ditut eta amets egiten saiatuko naiz. Irudi bat datorkit burura: gaur bezalako egun bat gurera iritsiko denekoa, esperantzazko irudia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide