IRITZIA. Leire Ventas.
Bezperako larritasuna
Gehienok Foo Fighters zuzenean jotzen ikustera joanak ginen. Pasa den igandera arte hamar urte ziren estatubatuarrak Londresen kontzerturik ematen ez zutena.
Dave Grohlen taldea eszenatokira igo aurretik, Harry printzeak heldu zuen mikrofonoa, eta han ginen 26.000 lagunetatik gehienek eskuak mintzeraino egin zuten txalo esaldi bakoitzaren ostean; bazen negar egin zuenik ere.
Invictus Jokoen itxiera zeremonia zen, gerran zauritutako militar ohien arteko olinpiar jokoena. Hala, errege familiako kide burugorri eta polemikoenak soldaduen adorea goraipatu zuen —
warriors eta ez
soldiers—, eta etengabe izan zuen ahotan familia hitza. Erresuma Batua familia bat baita; dibortzioaren mamuak beldurtutako familia.
Printzeak ez zuen Eskozia aipatu, baina lerro tartean irakur zitekeen. Eta bere anaia Williamek eta haren emazte Kate-ek astebete lehenago egindako iragarpenean ere hala egin zuten askok. Inkesta batek eskoziar gehienak Erresuma Batutik bereiztearen aldekoak direla zioen egun berean, Cambridgeko dukesa haurdun dagoela jakinarazi zuten.
Errege familia, hobe esanda erregina, da Erresuma Batuaren ikur nagusia. Naziotasunak naziotasun, eurena ikusten dute gehienek Elizabeth II.-a. Alex Salmondek ere badaki, eta horregatik zehaztu du independentziarako bide orrian hark jarraituko lukeela Eskozia burujabearen estatuburua izaten, aurrerago errepublika izatea erabakiko ez balu.
Hori hala, ez da arraroa printzea batasunari eustearen alde agertzea, lerroartean bada ere. Zer edo zer egin beharra zegoen, ezetzaren aldeko kanpaina ofiziala nolakoa izan den ikusita.
Izan ere, badirudi Westmisterrek ez duela azken asteetara arte banantzearena mehatxu seriotzat hartu. Bat datoz horrekin independentziaren aldekoak eta kontrakoak. Eta orain, bezperan, dena da larritasuna. Lehen ministro David Cameron eta beste bi alderdi nagusietako buruak korrika eta presaka Edimburgera, ezetz bozka dezaten herritarrak konbentzitzera. «Izututa daude, dar-darka», esan zuen Salmondek, Eskoziako ministro nagusiak, bat-bateko bisitaren aurrean.
Eta politikarien estutasuna ikusita, ingelesak ere orain hasi dira beren buruei galderak egiten.
Erantzun batzuk errazak dira: Eskoziak independentzia lortuz gero, Erresuma Batuak lurraldearen herena galduko luke, %8 biztanle gutxiago izango lituzke eta BPG %9 txikiagoa izango litzateke. Besteak ez hainbeste: nola banatu Erresuma Batuak Eskozian dituen urpekuntziak eta armada, oro har? Eta gasa eta petrolioa?
Zer eragin izango luke bereizteak Erresuma Batuak nazioartean duen lekuan? Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan kide iraunkorra izaten jarraituko al luke? Eta Europako Batasunean influentzia bera?
Dena den, ez dira pubetan eta bazkalorduan gehien entzuten diren galderak. Londresen behintzat, biztanleen herena atzerrian jaiotakoa den hirian, maizago jardun dute Kate Middletonen haurdunaldiaz. Eta orain, bezperan, dena da larritasuna.