Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskozian egingo duten galdeketarekin bat eginez gaurko Getarian, Zarautzen eta Azpeitian ekitaldi bana antolatu dute. Getariako EH Bilduk, 19:00etan, plazan, elkarretaratzera deitu du. Azpeitiko Gure Esku Dagok, berriz, iragarri du 20:30ean, Sanagustinpen Zorionak Eskozia! Euskal Herrian zergatik ez? lelo hartuta hitzaldia, musika, bertsoak eta pintxoak izango direla.
Zarautzen, berriz, 19:00etan Musika Plazan jarri du hitzordua EH Bilduk.
Gaur eskoziarrek independenteak izan nahi duten edo Erresuma Batuaren parte izaten segitu nahi duten erabakiko dute. Horren harira, hainbat ekitaldi egingo dira Urola Kostako herrietan. Gainera, hainbat udaletako gobernuek adierazpen instituzionalak egin dituzte: Azpeitiko udal gobernuak, Getariakoak eta Zestoakoak, kasu. Zarauzko Udalak ere bat egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin, eta gaur udaletxeko balkoian Eskoziako bandera jarriko duela esan du.
Azpeitiko udal gobernuak adierazpenean esan duenez, «botoa ematea baino ekintza demokratikoagorik ez dago», eta Eskoziako galdeketa «inbidiaz» jarraituko dute: «Guk ere bozkatzea nahi dugulako. Ospatzeko eguna izango da. Guretzat, eta herri gisa euren etorkizuna erabakitzeko bidean diren guztiontzat, pauso garrantzitsua izango da». Azpeitiko Udaleko agintari politikoen arabera, martxan jarritako bideek ez dute atzera bueltarik: «Herritarren ordua da, gure ordua da. Herritarrak protagonista bihurtuta gauzak ez dira berdin izango hemendik aurrera».
Getariako alkateak eta udal gobernua osatzen duten zinegotziek ere Eskozian egingo den galdeketari beren babesa eta atxikimendua azaldu diete. «Espainian estatuak, era antidemokratiko batean, ez du baimentzen herriek erabakitzeko duten eskubidea. Horren adibide da Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen ari dena», esan dute Getariako EH Bildutik. Horregatik, Getariako udal agintari politikoek eskoziar herriarekiko «poza» adierazi dute.
Bandera balkoietan
Zarautzen bezalaxe, Zestoako udaletxeko balkoian ere Eskoziako bandera jarriko dute gaur. Zestoako Udala ere pozik dago «eskoziarrek euren etorkizuna libreki» erabakiko dutelako gaur, eta zoriondu egin ditu: «Herritarrak izango dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da».
Mundu mailan herrien askatasunaren aldeko «atzeraezinezko prozesu bat» abian dela esan du Zestoako Udalak ere kaleratutako adierazpenean.