Getaitri taldeak abiatu du lasterketa

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 18a

[caption id="attachment_109113" align="aligncenter" width="300"]Getaitri Triatloi Taldeko Iñaki Ucin eta Ane Balentziaga (Aritz Mutiozabal/Hitza). Getaitri Triatloi Taldeko Iñaki Ucin eta Ane Balentziaga (Aritz Mutiozabal/Hitza).[/caption] Getaitri izenarekin jaio da Getariako triatloi talde berria. Orain arte Getariako triatletek Zarauzko eta Zumaiako taldeetako elastikoekin lehiatu dute lasterketetan. Orain, urrats bat aurrera eman eta herrian talde berria sortzea erabaki dute. Lehiatzen ari direnean aupa Getaria! entzuteko irrikaz daude. Taldea hasiberria bada ere, ez da bat-batean hartutako erabakia izan. «Entrenatzen ari ginela edo lasterketarako bidean, askotan komentatu izan genuen polita izango zela Getarian bertan triatloi talde bat sortzea. Txikiteo batzuetan ere aipatu izan genuen gaia, eta horrelako batean animatu eta taldea sortzea erabaki genuen», aitortu du Iñaki Uzin taldeko lehendakariak. Bazekiten taldea sortuz gero korrika eta beste hainbat kiroletan ibiltzen zen zenbait herritar ere animatuko zela, eta bilera bat egin zuten beren asmoen berri emateko. Harrera ona izan zuen proiektu berriak herriko kirolarien artean. «Zarauzko taldean genbiltzan hamar lagunez gain, orain arte triatloian ibili gabeko beste hamar lagun ere taldera gehitzeko prest agertu dira. Hala ere, oraindik ere nahi dutenek bertan parte hartzeko aukera dute, hasi besterik ez gara egin-eta», azaldu du Ane Balentziaga taldeko kideak. Harrera oso ona izan bada ere, izena eman duten hogei lagunetatik bakarra da emakumea. «Getariako neska asko aritzen da korrika, baina bizikletan errepidera ateratzen naizenean ez dut Getariako neska bat bera ere ikusten. Ea herrian taldea izanda neskak ere kirola probatzera animatzen diren». Taldea osatzeko egin beharreko izapideak eginda, udalarekin harremanetan jarri da zuzendaritza taldea, eta orain enpresa pribatuetara jo dute laguntza ekonomiko bila. «Apal-apal hastea da gure asmoa, eta kalitateari emango diogu lehentasuna kantitatearen aurrean». Badakite babes ekonomikoa lortzeko ez dela garairik onena. Horregatik, trukeko hitzarmenak lortu nahi dituzte. Getariako Triatloia helburu Getaitri Triatloi Taldeak Getariako triatleten bilgune izateaz gain, hasiberriei triatloia probatzeko aukera eman nahi die. «Izan ere, kirolari askok triatloia probatzeko gogoa izan arren, material egokirik ez dutelako atzera egiten dute. Hori gainditu eta triatloian aritzeko erraztasunak ematea da gure asmoa. Inoiz triatloian ibili ez denarentzat bizikletan hastea da zailena; horregatik, hasieran bizikletak utzi eta denok batera saio batzuk egiten saiatuko gara», azaldu du Getaitrik taldeko lehendakariak. Taldeko kiroletan ez bezala, triatloiak «norbere erritmoan» aritzeko aukera ematen duela nabarmendu dute Getariako triatletek. «Norberak erabakitzen du zenbat entrenatu nahi duen, zenbat zaindu nahi duen edo zein helburu lortu nahi duen. Bakarkako kirola bada ere, guk taldea sortu dugu elkar laguntzeko eta talde giroa izateko». Bestetik, triatloia ere antolatu nahi dute Getarian. «Getarian biatloia antolatzen eskarmentua dugu. Gu geu, Zarauzko Triatloia antolatzeko lanetan ere aritu izan gara, eta hurrengo urratsa Getarian triatloia egitea izango da. Gainera, Getariak sprint triatloia antolatzeko joko ederra eskaintzen du. Gaur egun, askok triatloi gogorrak nahi izaten dituzte, eta Getariako gorabeherek horretarako aukera paregabea eskaintzen dute».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide