Festak baloratzeko bilera egingo dute gaur Zestoan

Ane Olaizola 2014ko irailaren 17a

Zestoan amabirjinakJoan zen astean amaitu ziren Zestoan amabirjinak, eta udalak eta festa batzordeak haren balorazioa egingo dute gaur, 19:00etan, Kultur Etxean. Udalak esan duenez, bileran antolatzaileek jakinaraziko dute zenbat lagun izan diren zekorketetan, pilota partidetan eta paella lehiaketan nahiz bazkarian. Hala, «ekitaldi arrakastatsuenen» balorazioa egingo dute. Era berean, aurrera begira hobetu beharreko gauzak aztertuko dituzte. Horregatik, herritarrei dei egin die bilerara joateko «ahalegin berezia» egin dezaten. EAJ jaiekin gustura Zestoako EAJk jada egin du festen balorazioa, eta Josetxo Mendizabal Turismo eta Merkataritza batzordeko lehendakari eta EAJren bozeramaileak azpimarratu du amabirjinetan egon den «zestoarren parte hartzea eta giro alaia». Positiboki baloratu dituzte jaiak, eta jeltzaleen ustez, zekorketetan bildu da jende gehien: «Berriro ere garbi geratu da Zestoako plaza karratuan ospatutako bi zekorketak izan direla jende gehien elkartu dituen ekintzak eta Zestoako herritar zati handi baten babesa izaten jarraitzen dutela». Mendizabalek adierazi du zestoarrek tarte bat hartu dutela dituzten arazoak «egun batzuetan bada ere alde batera uzteko, eta jaietaz gozatzeko». Aurrera begirako erronkei dagokienez, berriz, honakoak aipatu ditu: «Nahi genuke gure artean izaten ditugun turistentzat ere erakargarriak bilakatzea herriko festak, eta Ekain Berri eta Lili jauregiarekin batera Zestoak balioan jarri eta eskaini dezakeen aukera berri bat izatea». Herritarrei ere dei bat luzatu die, eta esan du «herriko festek zestoar guztien bizikidetzarako eta errespeturako gune» izan behar dutela, eta horretarako guztien ekarpenak baliogarriak direla azpimarratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide