[caption id="attachment_109027" align="aligncenter" width="300"]

Zarauzko Foruen kalea (Aritz Mutiozabal/Hitza).[/caption]
Etengabeko zarata, ibilgailuak atzerako martxan, zamalanetarako guneen erabilera okerra, zikinkeria... Foruen kalean eta ingurukoetan «dena da posible». Bizilagunak «nazkatuta» daude, baina ez etsita. 30 bat pankarta zintzilikatu dituzte leihoetatik, gune horretan egunero gertatzen dena salatzeko.
Lo egin nahi dut;
Ilara bikoitzik ez;
Aski da; eta
Ehuntzen 27, non? bezalakoak irakur daitezke.
Herritarren bizi kalitatea hobetzeko udalaren 100 planen artean,
Zarataren zonifikazioa aztertu atala dago. Ehuntzen planeko 27. puntu horren arabera, «guztion eskubide eta betebeharrak ongi zehaztuta, kutsadura akustikoari loturiko eremu arriskutsuenak identifikatzea ezinbestekoa» da, ondoren arazo horiek konpontzeko. Alde Zaharreko kale horretako bizilagunek etxe inguruan ez dela halakorik betetzen diote, eta bizi kalitatea okertzen dieten zenbait arazo dituztela etxepean. Eta beraiek «lasai» nahi dute bizi.
Duela urtebete hasi zen haien egunerokoa «jasanezin» bihurtzen, Zigordia eta Ipar kaleak peatonalizatu zituztenean. Kale haietako edukiontziak inguruko kaleetara banatu zituzten orduan, eta ondorioz, Foruen kaleko bizilagunak etxe azpian zazpi edukiontzi izatetik hamabost izatera pasatu ziren. Haien esanetan, gune hori «zinezko zabortegi bat» bihurtuz. Inguruko denda eta tabernetako hondakinak «gune beltz» horretara botatzen dituzte, eta Foruen kalekoen arabera, bertan «ez dago inolaz ere hainbeste erabiltzaileren beharrak asetzeko gaitasunik».
Zikinkeria sortzeaz gain, aldaketa horrek lo egiteko eragozpenak ekarri dizkie bizilagunei. Izan ere, askotan hondakinak botatzeko ordutegia ez da errespetatzen; goizean goiz zein gauean berandu kanporatzen dituzte hondakinak inguruko tabernariek. Hondakinen kamioiak ere orduz kanpo ibiltzen direla salatu dute, eta atzerako martxa—horrek zarata gehigarria sortzen du— erabiltzen dutela hondakinak jaso ahal izateko. Era berean, kontrako norantzan ere mugitzen direla kritikatu dute bizilagunek.
Horrek, aldi berean, zirkulazio arazoak sortzen ditu. Horrek eta zamalanetarako gunearen erabilera desegokiak. Bizilagunek jakinarazi dute askotan ibilgailu partikularrek ere aparkatzen dutela gune horretan, eta baimendutakoek ez dutela tokirik zamalanak egiteko. Ondorioz, bigarren ilarak ere sortzen dira kalean, eta motorzale askok ere espaloian aparkatzen dute. «Tranpa batean bizi gara», nabarmendu dute.
Arazo horiek medio, iazko abuztuan bildu ziren lehenbiziko aldiz bizilagunak udal ordezkariekin. Eskakizun garbia egin zieten: edukiontzien bidezko banaketa egiteko. Ez hondakinen ontziak gune horretatik kentzeko, murrizteko baizik. «Guk beti izan ditugu edukiontziak etxepean, baina egungo egoera ikaragarria da. Zabortegi bat dugu etxe azpian». Udal ordezkariek Hondakinen Mahaia lanean ari zela esan eta urte bukaerara arte itxaroteko eskatu zieten bizilagunei.
«Bukatzen ez den soka»
Zenbait neurri ere hartu zituen udalak zarataren inguruan: inguruko tabernariei oharra bidali zien beira ateratzeko ordutegia errespeta zezaten eskatuz. Hala ere, ez da nahikoa bizilagunentzat; oraindik ere zenbaitek ez dute errespetatzen ordutegia. Garbitasuna hobetu zuten eta udaltzainen presentzia areagotu.
Urte amaieran berriz jo zuten udaletxera auzotarrek, eta beste hainbat eskaera egin zioten, atzera martxan ibiltzen diren ibilgailuen inguruan, zamalanetarako gunearen erabilera hobetzeko, bi ilarak desagerrarazteko eta ordutegiak betearazteko, besteak beste. Orduan udaletik alternatiba bat proposatu zieten: edukiontziak banatzea gunean bertan baina bi aldetara, erdi eta erdi jarriz Foruen kaleko alde bakoitzean. Bizilagunek ez zuten egoki ikusi irtenbide hori. Kontra agertu baziren ere, udalak proposatutakoa egin egin duela jakinarazi dute herritarrek. Eta horrek egoera okertu egin duela. «Banaketak garbi itxura ematen badu ere, egoera ez da lasaitu». «Bukatzen ez den soka» dela diote bizilagunek, eta urtebete pasatu ondoren arazoak etxe aurrean jarraitzen duela: «Ez da ezinezkoa eskatzen ari garena: lasai bizi nahi dugu».