[caption id="attachment_108993" align="aligncenter" width="300"]

Azoka Herritiken aurkezpena (Azpeitiko Argazki Elkartea).[/caption]
Gerturatu da Azoka Herritik egitasmoa, eta aurten ere ekintza ugari antolatu dituzte aste honetarako. Antolatzaileek adierazi dutenez «salerosketarako toki bat baino gehiago» izango da azoka hau.
Izan ere, egitasmo honekin «Azpeitian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berri bat» bultzatu nahi da. Azokaren egunak ostirala, larunbata eta igandea izango dira, baina egunotan ere ekintzak egongo dira. Besteak beste, zinema eta dokumental emanaldiak antolatu dituzte, eta horiekin lotutako mahai-inguruak ere egongo dira Sanagustin kulturgunean.
Iaz bezala, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak antolatuta stock azoka bat egongo da aurten ere. Berdura Plazan obretan ari dira, eta horregatik, aurten Izarraitz Pilotalekuan egingo dute. Larunbatean eta igandean herriko saltokietako produktuekin 30 postu inguru egongo dira.
Berrikuntza, Ideia Faktoria
Aurtengo egitasmoko berrikuntza handiena, ordea, beste bat izango da. Ideien Faktoria, alegia: «Gune honetan ekintzaileak, taldeak eta eragile ekonomikoak beraien artean eta bertara hurbiltzen diren parte-hartzaileekin harremanetan jarri nahi ditugu», adierazi dute antolatzaileek.
Izan ere, alde batetik, elkarlanerako ekimen berriak sortzeko gunea izango da eta, bestetik, inguruko proiektu berriak ezagutzera eman nahi dira. Hain zuzen, proiektua aurrera eraman ahal izateko antolatzaileek crowdfunding kanpaina bat antolatu zuten, eta hala lortu zuten ekitaldirako beharrezko dirua. «Faktoria gunean, bertako merkataritzari eta merkataritza arduratsuari buruzko gogoetarako aukera ere izango da», azpimarratu dute. Azoka Herritik egitasmoaren partaideek azaldu dute asmoa: «Talde eta pertsona asko batu gara hau guztia antolatzen, baina jende gehiago biltzea da gure xedea». Antolatzaileentzat asteburuko plaza «ederra» izango da herriko merkatarientzat eta inguruko baserritar eta artisauentzat.