Parte hartzaileak, gaur, agerraldian(Ane Olaizola)[/caption] Larunbatean auzolanean garbituko dute Urola ibaia, Azkoitian, ingurumenaren alde eta ibaia zikintzen dituzten ekintzak salatzeko asmoz. Hamar zatitan banatuko dute ibaia, eta talde bakoitzak bere eremua garbitzeko ardura izango du. Hala nola, Azkoitiko Udalak, Zero Zabor taldeak, Xabier Munibe ikastolako guraso elkarteak, Anaitasuna Futbol Taldeak, Baratzan Dantzan kontsumo taldeak, Matadeixek, Ehiza eta Arrantza elkarteak, Atletismo taldeak, Fracking ez taldeak, Piztu taldeak, Urola Institutuak eta Artxamendi gazte topaleuak parte hartuko dute ekimenean. Ibaia garbitzearekin batera, horien egoera salatu eta auzolanaren bidez ingurugiroa zaindu daitekeela erakutsi nahi dute. Izan ere, Azkoitiko Udalak esan duenez, Urola ibaia gero eta garbiago dago, baina ertzetan zaborra pilatzen da, "eta gu gara horren arduradunak". 09:30ean elkartuko dira plazan, eta 10:00 inguruan hasiko dira garbitzen. Udalak eskularruak eta poltsak emango dizkiete boluntarioei, eta horiek oinetako zaharrak eta katiuskak eman ditzaten aholkatu dute. 12:00ak aldera amaituko dute auzolana, eta hamaiketakoa egingo dute ondoren guztiek. Era berean, jasotako zaborra plazan utziko dute astelehenera bitartean, herritarrak kontzientziatu daitezen. Lehenengo aldiz Zubiola enpresaren ekimenez egingo dute auzolana. Hain zuzen, joan zen asteburuan garbitu zuen enpresak bere zatia, oraingoan ezin duelako. Herritarrei parte hartu dezaten animatu diete. Parte hartu nahi duenak bihar izango du izena emateko azken eguna, Ingurumen Sailera joanda edo 943-85 71 72 telefonora deituta.