[caption id="attachment_108978" align="aligncenter" width="300"]

Gorka Etxeberria Getariako traineruaren entrenatzailea (Karkara).[/caption]
[
Sasoian.info] «Sekulakoa izango litzateke Getaria bezalako herri txiki batentzat igoera lortzea». Gorka Etxeberriak (Orio, 1977) Getariako traineruaren entrenatzaileak argi adierazi du aurtengoa «historikoa» dela klubarentzat, baina igoera lortzen ez badute ere, oso pozik daude osatutako denboraldiarekin.
Zer nolako sentsazioekin zabiltzate azken asteotan?
Tentsioarekin gabiltza. Badakigu zer datorkigun gainera, eta jada jokatzeko gogoz gaude. Pixka bat luze joan da liga bukatu eta igoera bitarteko tartea. Hiru aste pasa dira, eta taldea geldirik ez egoten saiatu gara; esaterako, liga bukatu eta astebetera lagunarteko estropada bat jokatu genuen Pasaian. Gero, Kontxako sailkatze saioa etorri zen, eta hura ere bidean zegoen; ongi etorri zaitzaigun prestaketa bezala.
Sailkatze saio horretan Meira geratu zen aurretik. Haiek al dira faborito?
Agian, bai. Informazio gehiegi ez dugu haiei buruz. Gainera, Donostiako estropada ere diferentea da: luze bakoitza 10 minutu dira, eta ez daude hainbeste ziaboga, adibidez. Horrez gain, ez zen gure estropadarik onena izan, erreferentziarik gabe aritu ginelako. Non geunden jakin gabe abiatu ginen, eta bueltakoan Santurtzi harrapatu genuen irlara iritsi aurretik, baina ez ziguten pasatzen utzi, normala denez. Nire ustez, Meira, Zumaia eta hirurok igoerako txartela lortzeko hor nonbait ibiliko gara. Amegroveko traineruari buruz, berriz, informazio gutxiago dugu; Kontxan atze samarrean geratu ziren arren, ezin gara gehiegi fidatu.
Hiru hautagai garbi daude orduan, ezta?
Ez dakit. Estropadak jokatu egin behar dira. Estropada eremuan bandera jaisten dutenean traineru guztiak hutsetik abiatuko gara. Hor ez dago abantailarik. Bi egunetan jokatuko denez, ikusi egin beharko dugu egun batetik bestera nola errekuperatzen duen taldeak. Bestalde, Bermeoko estropada nahikoa berezia da, itsasoak albo batetik jotzen duelako, eta bukaeran, brankaz. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Aurten, igoerako fasean lau ontzi eta txartel bakarra daude. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Hobe izango litzateke bi txartel jokoan egotea. Aukera gehiago izango genuke, baina Astillerok maila txukuna eman du azken estropadetan, eta haiei aurrea hartzea nahikoa zaila izango litzateke. Edonola ere, haiek ere jokatu egin beharko zuketen besteok bezalaxe. Aurrena libre geratzen zirela, gero jokatu egin beharko zutela eta orain, atzera, ez dutela jokatuko... Horrek guztiak eragin egiten dio gure buruari. Azkenean, jokatzen ez duenez, dagoenarekin konformatu beharko dugu: txartel batengatik borrokatu.
Liga txapeldun bukatu duzue, eta horrek eman dizue aukera igoera jokatzeko. Horiek al ziren taldearen hasierako helburuak?
Ez, inondik ere ez. Iaz laugarren postuan bukatu genuen, eta aurten ere hor goian mantentzeko asmotan ekin genion ligari. Helburu errealak, ordea, zer nolako taldea duzun ikusten duzunean zehazten dituzu, baita beste taldeak nola dauden eta zer maila duten ikustean ere. Guk taldea osatzeko arazoak izan ditugu, arraunlari batzuk berandu etorri direlako eta beste batzuk lesionatuta ibili direlako, eta hasiera hartan liga irabazi eta igoera jokatuko genuela esan izan baligute, barre egingo genukeen. Estropadak jokatzen hasi ginenean, beste bi ontzirekin batera hor goian sailkatzen hasi ginen, eta orduan hasi ginen ikusten aukerak bagenituela. Baina ez genuen pentsatzen bost bandera eta liga irabazterik.
Behin lorpenekin hasita, konfiantza handiagoz helduko diozue asteburuko erronkari, ezta?
Ez dugu inolako presiorik, eta orain arte bezala estropadak irabaztera abiatuko gara. Lortzen ez badugu, ezin da ikusi porrot bat bezala. Oso pozik gaude egindako denboraldiarekin. Liga irabazi dugu, eta hori pauso historikoa izan da Getariarentzat. Lehen lortu zuten, baina Oriorekin elkarlanean, eta oraingoak meritu gehiago du, etxeko jendearekin lortu delako. Asteburuan gure bertsio onena ematen saiatuko gara, eta aurkariei gauzak ahalik eta zailen jartzen.