[caption id="attachment_108975" align="aligncenter" width="300"]

Patxi Frances Zumaiako traineruaren entrenatzailea (Baleike).[/caption]
[
Sasoian.info] Patxi Francesek (Donostia, 1958) Meira ikusten du igoera lortzeko hautagai nagusi. Hori horrela, Zumaia bere arraunketa egiten eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko da, jokoan dagoen txartela eskuratzeko.
Zer moduz doaz igoera kanporaketako prestaketa lanak?
Ditugun zailtasunak kontuan hartuta, ahalik eta ondoen prestatzen ari gara. Arraunlariak ilusio handiz ari dira entrenatzen, eta kanporaketak jokatzeko gogoz gaude.
Zailtasunak aurreikusten dituzuela diozu. Lehia handia espero al duzu?
Kanporaketa konplexua espero dugu, bai. Ligan gure aurretik geratu den Getaria bezalako ontzi lehiakorra izango dugu aurkari zuzena, baita Meira galiziarrak ere. Kontxako sailkatze proban Meirakoek 17 segundoko aldea atera ziguten, eta hori denbora tarte handia da. Beraz, jakin badakigu gauzak oso ongi egin beharko ditugula igoera lortu ahal izateko.
Kontxakoa etor daitekeenaren aurrerapen bat izan zela uste al duzu?
Igoera jokatuko dugun traineruen arteko neurketa moduko bat izan zen. Ez genekien galiziarrak zer moduz ibiliko ziren, ezta zer nolako maila emango zuten ere. Bagenekien Meirak irabazi zuela Galiziako Liga eta talde benetan indartsua zuela, eta Kontxako sailkatze proban halaxe erakutsi zuten. Ondorioz, badakigu oso zaila izango dugula, baina igoerarako txartela lortu dugu, eta azken paladara arte borrokatuko dugu.
Denboraldi borobila osatu duzue, nahiz eta azkenean Getariak lortu duen KAE1 Liga irabaztea.
Parekatsu samar gaude bi ontziak, baina Meira gu baino pitin bat hobeto dago. Gainera, gu biok baino talde sendoagoa duela iruditzen zait. Gu geure arraunketa egiten ahaleginduko gara, ahalik eta ondoen, eta getariarrek ere beste horrenbeste egingo dute, euren moduan. Hala ere, faborito nagusia Meira izango da.
Iaz maila galdu zenutela kontuan izanda, igoera lortzeko halako presiorik nabari al duzue?
Printzipioz, ez dugu halako sentipenik. Gainera, hau ez zen gure aurtengo helburua: traineru bat San Miguel Ligatik KAE1 Ligara jaisten denean, normalean arraunlariak beste talde batzuetara joaten dira eta taldeak desagertzeko joera izan ohi du, eta, ondorioz, asko kostatzen zaio kategoria berrira egitea. Adibidez, asko daude Castro, Arkote edo Laredo bezala. Denboraldi honetako gure asmoa taldea mantentzea zen, eta hori lortuta, ohorezko txandara sartzea. Behin hori lortuta, lau bandera irabazi ditugu, eta nik uste dut denboraldiko helburuak ongi bete ditugula. Igoera jokatzeko aukera izatea ez zen gure hasierako aurreikuspenetan sartzen. Beraz, oso pozik gaude egindako lanarekin, eta ez dugu inolako presiorik sentitzen, ez klubaren aldetik, ez zaletuen aldetik. Arraunlariek gauzak txukun egin dituzte, eta hor egotea irabazi dute. Horrexegatik, gozatzera aterako gara asteburu honetan.
Dena dela, ez litzateke txarra izango urtea igoerarekin biribiltzea, ezta?
Jakina, ederra izango litzateke. Denboraldi onari ginga jartzeko modu egokiena igoera lortzea litzateke, baina oso zaila izango da. Gogoan izan behar dugu denboraldi hasieran ez genuela begiz jota; talde bat osatzea eta egonkortzea zen gura asmoa. Datorren urteari begirako zerbait bezala ikusten genuen igoera borrokatzea. Aurten etorri da, eta mokadutxoa aurrean jarri digutenez, kosk egiten ahaleginduko gara.
Txartel bakarra dago jokoan. Astillero kanporaketatik kanpo geratzeak kalte egiten al dizue gainerakooi?
Beti dago aukera gehiago bost ontziren artean bi txartel banatzerakoan, lau ontziren artean txartel bakarra banatzerakoan baino. Zentzu horretan, probabilitate gehiago daude bi txartel jokoan daudenean, nahiz eta Astillero traineru oso indartsua izan. Baina dagoena dago, eta kontu horri ez diogu buelta gehiegirik eman nahi. Igoera lortzeko lehen postuan sailkatu beharra dago, eta horrela izan dadin saiatuko gara. Eta lortzen ez badugu, gure arraunlariak txalotzen jarraituko dugu denboraldi bikaina osatu dutelako.