[caption id="attachment_108967" align="aligncenter" width="300"]

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurreneko ospakizunen hasiera ekitaldia joan den ekainean Intsausti jauregian (Nerea Uranga/Hitza).[/caption]
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak egun berezia izango du biharkoa; Eusko Jaurlaritzak elkartea omentzeko asmoz jardunaldiak antolatu ditu Azkoitiko Intsausti Jauregian, eta Iñigo Urkullu lehendakariak itxiko ditu saioak. Hizlarien artean Craig Calhoun izango da; elkartearen arabera, 250. urteurrenaren pareko hizlariak izango dira.
Iaz Gipuzkoako Batzar Nagusiek omendu zuten elkartea, Azkoitian elkartu eta testu bat osatuta. 1763an zalduntxoek Gipuzkoan elkarte bat sortzeko izan zuten asmoa oroitu zuten, garai hartako proiektuak huts egin bazuen ere. 1764an, ordea, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba mailako elkartea sortu zuten,
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, hirurak bat lelopean. Ekonomia, hezkuntza eta zientzia bultzatzeko asmoz sortu zen taldeak hiru probintzien arteko harremanak «instituzionalizatzea» eragin zuela esan du elkarteak, eta horregatik, aurten Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira Azkoitian.
Goizeko 10:00etan hasiko da ekitaldia, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatearen, Juan Bautista Mendizabal elkartearen Gipuzkoako lehendakariaren eta Fernando Salazar elkarteko zuzendariaren hitzekin. Zikloa hasiko da Mari Carmen Gallastegi EHUko ekonomia katedradunaren
250 años de Bascongada, aquella crisis y esta hitzaldiarekin, eta ondoren Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedradunak
El derecho civil vasco, ingenieria social para remontar la crisis hitzaldia emango du. Daniel Innerarity filosofoa, berriz, XXI. mendean gobernatzearen inguruan ariko da, eta azken hizlaria izango da Craig Calhoun. Nazioen garrantziaz ariko da London School of Economics and Political Science-eko zuzendaria. Haren ostean, Urkullu lehendakariak itxiko ditu jardunaldiak.