[caption id="attachment_108964" align="aligncenter" width="300"]

Olga Baion Berdintasun teknikariak, Esther Lizarralde Berdintasun zinegotziak eta Urrategi Alberdi alkateak aurkeztu dute egitasmoa. (Ane Olaizola/Hitza)[/caption]
Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak eskainiko ditu lehen aldiz. Irailetik abendura iraungo du egitasmoak, eta helburua da «emakumeek eskubideez dituzten balioen kontzientzia hartzea eta gauzatzea». Esther Lizarralde alkateordeak adierazi duenez, udalak lan lerro berri bat abiatu du genero berdintasunaren inguruan, eta horri dagokion plan bat hasita du Berdintasun Sailak. Udalarentzat, emakumearen ahalduntzean lan egitea «estrategikoa» da, oraindik emakumeak «bigarren mailako herritarrak» direlako. «Legeak egiten dira, baina berdintasuna ez da benetazkoa».
Udalaren arabera, umetatik balio desberdinak barneratzen dituzte neskek eta mutilek: «Genero bereizketako jendarteratze prozesu baten bidez, emakumeek gizonen ekintzak eurenak baino garrantzitsuagoak direla ikasten dute. Emakumeei erakusten zaizkien balioak edertasunari, zaintzari, pasibotasunari… lotutakoak dira. Gizonei berriz, ausardia, ahalmena, aktiboak izatea… erakusten diete». Horren aurrean, balioak aldatzearen beharra azpimarratu dute, eta aldaketa horrek emakumeen ahalduntzearekin batera joan behar dela gaineratu.
Ahalduntzea zera da, «norbanakotik kolektibora joaten den prozesuan, emakumeek emakume izateagatik sufritzen duten diskriminazioari buruzko kontzientzia hartzea», baita autoestimua indartzea ere, «hau da, nahi duguna egiteko gai garela sinestea». Finean, objektu izatetik subjektu izatera pasatzea dela berretsi dute. Horretarako bidea «luzea» den arren, lehen pausoak hasi dituzte.
Kontzientzia hartze eta balio aldaketa horretan, emakumeak bere guneak izatea nahi dute, «emakumeak protagonista izan daitezen». Prozesua martxan jartzeko Jabetza Eskolen Sarearen eredua jarraitu dute Azkoitian, baina «herrira egokitu» dute. Hala, emakumeak elkartzen diren guneetara joan eta egitasmoa «haiekin kontrastatu» dute. Emaitza bost ikastaro izan dira, guztiak ere ahalduntze prozesuan «lagungarriak»: arbasoen jakituria berreskuratu eta ukenduak, xaboiak edo baltsamoak egiten ikasiko dute horietako batean, eta norbere gorputza ezagutzeko beste saio batzuk egingo dituzte, «norbere gorputzaren eta plazeraren jabe segurtasunez bizitzeko» auto-ezagutza beharrezkoa delakoan. Jendaurrean hitz egiteko, berriz, zailtasunak gainditzeko baliabideak trukatuko dituzte Edurne Mendizabalekin. Lilak diren gaiez eztabaidatzeko guneak ere sortuko dituzte, emakumeek berdintasunarekin zerikusia duten gaiez hausnar dezaten. Azkenik, hainbat jatorritako emakumeak gai desberdinen inguruan eztabaidatzeko elkartuko dira, osasun emozionala eta fisikoa hobetzeko helburuarekin.
Adin guztietako emakumeei daude zuzenduta, eta genero ikuspegiaren eta berdintasunaren arloko adituek eskainiko dituzte saioak. Izena hilaren 26ra arte eman daiteke, udaletxeko berdintasun bulegoan. Tokia mugatua da, eta behar duenak haurtzaindegi zerbitzua izango du. Udalak ikastaroetan parte hartzera animatu ditu emakumeak: «Askotan kosta egiten da, baina aukera ona da elkartu eta geure bizitzaz hausnartzeko». Informazio gehiago eskura daiteke berdintasun bulegoan edo
berdintasuna@azkoitia.net helbidera idatzi nahiz 943-857174ra deituta.
IKASTAROAK
- Sendabelarrak eta sendagai naturalak. 10:00-14:00, ostegunetan. Urriak 2, 9, 16 eta 23 (16 ordu).
Irakasleak, Alaitz Mañes eta Eva Mena. Euskaraz eta gaztelaniaz. Prezioa, langileek 24 euro eta langabeek 16 euro.
- Norbere ezaguntza: zaintza, harremanak, desira eta plazera. 17:30-19:30, ostegunetan. Urriak 9, 16, 26, 30 (zortzi ordu). Irakaslea, Nerea Sancho. Prezioa, langileek 12 euro eta langabeek 8 euro.
- Nola hitz egin jendaurrean. 17:30-20:00, astelehenak. Irailak 29, urriak 6, 13, 20, 27 eta azaroak 3, 10, 17 (20 ordu). Irakaslea, Edurne Mendizabal. Prezioa, langileek 30 euro ordainduko dute, eta langabeek 20 euro.
- Tertulia lilak. 18:00-20:00, asteazkenetan. Urriak 8, azaroak 12 eta abenduak 10 (sei ordu). Irakaslea, Zaida Fernandez. Prezioa, angileek 9 euro eta langabeek 6 euro.
- Emakumeen kultur aniztasun gunea. 15:00-17:00, ostiraletan. Urriak 31, azaroak 28 eta abenduak 12 (sei ordu). Dinamizatzailea, Ana Murcia. Gaztelaniaz. Prezioa, langileek 9 euro eta langabeek 6 euro.