'Olatupean' proiektua aukeratu dute Zarauzko Igerain parkea estaltzeko

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 17a

Olatupean Guztira, 1.400 herritarrek hartu dute parte bozketan. Zarauzko Udalak Pilartxo Enea eta Igerain plazako parkeak estaltzeko proiektu lehiaketa antolatu zuen, eta lehenbizikoa tapatzeko 12 proiektu aurkeztu zituzten, eta 28 Igerain parkerako. Horietatik hiruna aukeratu zituen epaimahaiak, eta ondoren herritarrei eman zitzaien horiek artean bi bozkatzeko aukera, proiektu bana parkeko. 621 boto—239 boto 2-12 urte bitartekoen aldetik, eta 382 13 urtetik gorakoenetik— jaso ditu Olatupean deritzonak, eta hori egingo dute Igeraingo parkean. 461 lagunek aukeratu dute Origami proiektua Igerain estaltzeko, eta 320 herritarrek Kolore kolore. Pilartxo Eneari dagokionez, Hostoak dantzan izan da herritarrek gehien bozkatu duten proiektua. Zehazki, 654 boto jaso ditu horrek,  2-12 urte bitartekoen 198 boto eta 13 urtetik gorakoen 456 boto. Natura artean-ek 295 boto jaso ditu eta Izarren hautsa-k 121 boto. Herritarren botoak epaimahaiak emandako puntuazioari gehituko zitzaizkiola jakinarazi zuten bozketa abiatu zutenean. Udaletik nabarmendu dute herritarrek zein epaimahaikideek proiektu berberak aukeratu dituztela. Era berean, zarauztarrek udalaren lehentasunekin bat egin dute. Izan ere, Igerain parkea estaltzeari eman dio lehentasuna erakundeak,  etorkizunera begira Pilartxo Eneakoa tapatzeko asmoarekin. Ildo horretatik Pilartxo Enearako proiektuen bozketan  baino herritar gehiagok hartu du parte Igerainekoaren bozketan. Olatupean diseinuaren egileak 25.000 euro jasoko ditu oinarrizko eta gauzatze proiektuak egiteko. Origami-ren egileak 4.000 euro eskuratuko ditu eta Kolore kolore-renak 3.000 euro. Pilartxoeneakoei dagokionez, Hostoak dantzan-en egileari 5.000 euro emango dizkiote, Naturan artean-en sortzaileari 4.000 euro eta 3.000 euro Izarren hautsa-renari.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide