Joan zen astean amaitu ziren Zestoan amabirjinak, eta udalak eta festa batzordeak haren balorazioa egingo du bihar, 19:00etan, kultur etxean. Udalak esan duenez, antolatzaileek zekorketetara, pilota partidetara eta paella lehiaketara eta bazkarira joan zirenen jende kopuruak eramango dituzte biherara, eta "ekitaldi arrakastatsuenena" balorazioa egingo dute. Era berean, aurrera begira hobetu beharreko gauzak aztertuko dituzte. Hala, herritarrei dei egin die bilerara joateko "ahalegin berezia" egin dezaten.
Bien bitartean, Zestoako EAJk festen balorazioa egin du, eta Josetxo Mendizabal Turismo eta Merkataritza batzordeko lehendakari eta bozeramaileak amabirjinetan egon den "zestoarren parte hartzea eta giro alaia" azpimarratu du. Positiboki baloratu dituzte jaiak, eta jeltzaleen ustez, zekorketetan bildu dira jende gehien: " Berriro ere garbi geratu da Zestoako plaza laukian ospatu diren bi zekorketak izan direla jende gehien elkartu dituen ekintza eta Zestoako herritar zati handi baten babesa izaten jarraitzen dutela".
Mendizanalek adierazi du zestoarrek tarte bat hartu dutela dituzten arazoak "egun batzuetan bada ere" alde batera uzteko, eta "jaietaz gozatzeko". Aurrera begirako erronkei dagokienez, berriz, honakoak aipatu ditu: "Tartean herriko festak gure artean izaten ditugun turistei ere erakargarriak bilakatzea eta Ekain Berri eta Lili jauregiarekin batera Zestoak balioan jarri eta eskaini dezaken aukera berri bat izatea". Herritarrei ere dei bat luzatu die, eta esan du "herriko festak zestoar guztien bizikidetzarako eta errespeturako gune" izan behar dutela, eta horretarako guztien ekarpenak baliogarriak direla azpimarratu du.