Sutea izan da bart gauean Azpeitiko Salbe auzoko etxebizitza batean

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 16a

Ertzaintzak adierazi duenez, Azpeitiko Salbeko auzokide batek etxebizitzaren leihotik kea eta sugarrak ikusi zituen eta suhiltzaileei abisua eman zien goizeko 00:15ak aldera. Suaren lekuraino, suhiltzaileen hiru kamioi, ertzaintzaren bi auto, Azpeitiko udaltzaingoa eta Gurutze Gorria gerturatu ziren. Herriko udaltzaingoak argitu duenez, Azpeitiko Udala arduratu zen bertan bizi diren emakume eta zazpi urteko umeaz eta Hotel Loiolara eraman zituzten gaua pasatzera. Izan ere, ez dute seniderik herrian eta ez zeukaten gaua pasatzeko inongo lekurik. Etxebizitzan sortu zen kearen ondorioz ezin zen bertan geratu, ke hori arnastea kaltegarria zen eta. Kalte materialak Suhiltzaileek sua itzaldu eta etxebizitza haizeztatu zuten. Ertzaintzak esan duenez, sukaldeko ke xurgagailua erretzearen ondorioz sortutako sutea izan daiteke. Etxekoei bitrozeramika itzaltzea ahaztearen ondorioz sortutako sutea izan daitekeela uste dute Azpeitiko suhiltzaileek. Suteak eragin dituen kalteak materialak izan dira eta etxea garbitzen eta haizeztatzen denean etxebizitzaren bizilagunak bertara bueltatzeko aukera izango dutela argitu dute Azpeitiko udaltzaingotik. Hala ere, bertako etxea errentzan utzitako etxebizitza da eta sutearen gauean udaltzaingoak ezin izan zuten etxebizitzaren jabearekin harremanetan jarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide