Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Udala Urola ibaia garbitzeko auzolana prestatzen ari da larunbaterako, eta herriko eragile, talde eta norbanakoak animatu dituzte bertan parte hartu dezaten. Izan ere, Azkoitiko hainbat talderekin batera garbituko dute ibaia, eta dagoeneko jarri dira harremanetan horietako batzuekin. Zubiola enpresak, esaterako, aurreko larunbatean garbitu zuen berari zegokion eremua, datorren larunbatean ezin dutelako.
Udalaren esanetan, ibaia garbituko dute «ingurumena zaintzeko, zenbait ohitura salatzeko — ibaira edozer botatzeko ohiturak, esaterako—, auzolana sustatzeko eta herriko taldeek ingurumenarekiko duten konpromisoa azpimarratzeko asmoz».
Hamar zatitan banatuko dute ibaia, eta bakoitzak bere eremua garbitu beharko du. Udalak bere zatia izango du, eta hain zuzen, zati hori garbitzera animatu dituzte herritarrak. Interesa dutenek bihar bitartean eman behar dute izena, materiala behar bezala antolatzeko ezinbestekoa dutelako. Izena udaleko Ingurumen Sailean eman behar da, nahiz 943-85 71 72 telefonora deituta.
Larunbatean, 09:30ean elkartuko dira, plazan. Udalak eskularruak eta plastikozko poltsak emango ditu, eta 12:00ak aldera amaitzea aurreikusten dute. Bukatutakoan hamaiketakoa egingo dute plazan, eta jasotzen duten zabor guztia han utziko dute astelehenera bitartean, «herritarrak kontzientziatu daitezen».