Hondakin bilketan arazoak ematen dituzten guneak aztertzen hasiko da Azkoitiko Udala

Ane Olaizola 2014ko irailaren 16a

Azkoitian trantsizioaldian jarraitzen du hondakinak kudeatzeko sistema mistoak, eta «gauzak lotzen» ari direnez, hainbat aldaketa egingo ditu udalak. Edukiontzi batzuetan eta haien inguruetan arazoak sortu dira hainbat alditan, eta besteak beste poltsak lurrean eta ez dagozkien egunetan zintzilikarioetan utzita ikusi ahal izan dira. Zentzu horretan, «bereziki arazoak» ematen dituen hainbat puntu identifikatu ditu udalak, eta arazoei aurre egiteko ikuskaritza lanak hasiko dituzte. Hala, Urola Erdiko Mankomunitateko hezitzaileek puntu horien jarraipena egingo dute, eta udaltzainekin batera ikuskapenak egingo dituzte. Udalak argitu du ikuskapenen helburua jendeari «gauzak ondo egiten laguntzea» dela, eta ez du isunik jartzeko eta bestelako neurririk hartzeko asmorik azaldu. «Arazoak edo zalantzak izan ditzaketenei edo gaizki egiten ari direnei laguntza pedagogiko eta informatzailea emango diegu. Bulegoan ematen den zerbitzua, zuzenean emango diegu». Materia organikoa botatzeko edukiontzi marroiak, berriz, txartel elektronikoarekin soilik ireki ahal izango dira aurrerantzean. Uztailean sistema mistoa jarri zutenetik irekita egon dira horietako gehienak, orduan erosi zituztenak izan ezik, haiek sarraila elektronikoa jarrita baitzuten hasieratik. Gainontzekoak, beraz, orain itxiko dituzte, eta irekitzeko uztailean banatutako txartelak beharko dira. Dena den, udalak gogoratu du horiek dagoeneko aktibatuta daudela, eta beraz, herritarrek ez dutela ezer egin beharko. Pixoihalak ere txipdun edukiontzien bidez jasotzen dira herrian, eta hain zuzen, San Martin eta Aretxabaleta auzoetan ere pixoihalentzako edukiontziak jarri dituztela jakinarazi dute. Era berean, edukiontzi marroiak sarriago garbituko ditu udalak. Adierazi duenez, azken hilabeteetan «asko» igo da jasotzen den hondakin organikoaren kopurua, eta horren eraginez edukiontziak zikinak zeudela kexatu dira hainbat herritar. Hori hala, aurrerantzean hilean behin garbitu beharrean bi astean behin egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide