«Gorri kolorea nonahi ikus zitekeen eta oso pozik gaude»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 15a

[caption id="attachment_108816" align="aligncenter" width="300"]Kike Manterola Zumaiako emakumezkoen traineruko entrenatzailea. (Egilea: Aiora Larrañaga Kike Manterola Zumaiako emakumezkoen traineruko entrenatzailea. (Egilea: Aiora Larrañaga[/caption] Kontxako Estropadaren biharamunean gustura da Kike Manterola (Zumaia, 1970) Zumaiako emakumezkoen traineruko entrenatzailea. Kontxako Bandera irabazterik ez duzue lortu, baina estropada irabazita arantza kendu al duzue, behintzat? Igandean egindako lanarekin oso gustura geratu gara. Arantza kendu dugu, baina lehenengo jardunaldian hobeto egin genezakeenaren pena geratu zaigu. Arraunlariak oso eroso eta indartsu sentitu ziren igandean uretan. Gure asmoa aurreko astean egindako akatsa zuzentzea zen, eta lortu genuen. Aurreko igandearekin alderatuz pare bat palada gutxiagoko erritmoan arraunean egin genuen, baina palada bakoitza sakontasun gehiagorekin eman genuen, eta arraunean oso ondo egin genuen. Denboraldia ez zenuten maila onean hasi, baina astez aste gora egin duzue, ezta? Hobekuntza nabarmena egin dugu. Neguko lanak ez ditugu behar bezala egin, hiru-lau elkartetako arraunlariek osatzen dute trainerua eta negu partean arraunlariek beren taldeekin batel eta trainerilla denboraldia jokatu nahi izan dute. Horrek atzeratu egin digu traineru denboraldiaren hasiera, eta kostatu egin zaigu martxa hartzea. Hala ere, udan zehar astez aste gora egin dugu, eta maila onean iritsi gara irailera. Gutxi falta izan zaigu 2014ko Kontxako Bandera irabazteko. Entrenatzaileok iraileko lehen asteak izaten dituzue buruan denboraldiko plangintza osatzerakoan. Bete-betean asmatu duzu. Alde horretatik, oso gustura gaude, bai neu, bai arraunlariak. Lana ondo egin dugu udan zehar. Abuztuan ohartu ginen lan txukuna egiten ari ginela, eta horrek ere aurrera egiteko indarra eman digu. Denboraldi hasieran estropadaz estropada joatea izaten da helburua, baina abuztua iristen denean, Zarauzko Estropada inguruan, Kontxako Estropada gertuago ikusten da eta orduan hasten gara denborak aztertu eta kalkuluak egiten. Herritarren babesak aurrera jarraitzeko laguntzen al du? Herritarren babesak indar handia ematen du. Normalean zumaiar asko joaten da Kontxako Estropada ikustera eta giroaz gozatzera, baina herriko traineruak estropada jokatzen badu babesa handiagoa izaten da. Igandean gorri kolorea ikus zitekeen nonahi, eta oso pozik gaude zumaiarren erantzunarekin. Emakumezkoen trainerua punta-puntan ibili da azken urteetan, baina taldea osatzeko arazoak izaten dituzue, ezta? Zaila izaten da. Bizkaian ez dago emakumezkoen trainerurik, Kantabrian bakarra dago, eta beste bi Galizian. Gipuzkoan, ordea, emakumezkoen bost traineru ditugu eta ez dago arraunean egiten duen hainbeste neska. Horregatik, neskak arraunera animatu nahi ditugu. Ez da erraza, arrauna kirol gogorra dela uste baitute askok. Orain oporraldia dugu eta azaroa inguruan ekingo diogu berriz denboraldiari. Poliki-polili prestaketa fisikoa egingo dugu, eta urtarrila inguruan hasiko gara uretara ateratzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide