Azpeitiko Udalak herriko pobrezia maila erreala ezagutzeko diagnostikoa egingo du

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 12a

Azpeitiko Udalak pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko neurri eraginkorrak jarri nahi ditu martxan. Udaletik adierazi dutenez, Udal Gobernuaren lehentasuna "herritarrei ahalik eta zerbitzu eta laguntza hoberena eskaintzea da" eta, horretarako, herriaren benetako egoera ezagutzea beharrezkoa dela diote. Azpeitia horrelako diagnostikoa egiten duen lehendabiziko udalerria dela azaldu du udalak. Leire Etxaniz, Gizarte Zerbitzuetako zinegoziak hala azpimarratu du: "Krisi ekonomikoak Azpeitian eragin dituen egoerak ezagutu nahi ditugu. Honela, herriko hainbat taldek egindako eskaerari erantzuna emanez, azterketa soziologikoa egingo dugu". Etxanizek adierazi duenez,  azpeitiarren bizi baldintzen errealitatea ezagutzea garrantzitsua da. Azpeitiko Udalak, diagnostiko hau irailaren bigarren hamabostaldian egiteko asmoa du, eta SIIS enpresak egingo du. Galdetegia egingo zaien herritarrak zozketa bidez aukeratuko dira, eta hauei aurrez aurreko inkesta bat egingo zaie. Etxanizek argitu duenez, diagnostikoan parte hartzeko deia luzatu nahi die azpeitiarrei eta, batez ere, "benetako egoeraren berri eman dezatela" eskatu die. Azterketarako datu errealak behar dituztela dio Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Udalak esan duenez, diagnostikoaren emaitzak urte amaieran ezagutzea eta herriari aurkeztea aurreikusten da. Inkesta  aldundiak Gipuzkoa mailan eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria mailan egindako azterketen emaitzekin alderatzeko balioko duela dio Etxanizek: "Gainera, Gizarte Zerbitzu Sailetik indarra eta ahalegina egiteko asmoa dago, ikerketak emandako datuei aurre egin ahal izateko".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide