Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikastaroa senitartekoei eta zaintzaileei dago zuzenduta. Besteak beste, hautemate sentsoriala zein sexualitatea landuko dira, eta baita sendaketa bat nola egin ikasi ere. Horrez gain, etxebizitza seguruagoa izateko irizpideak jasoko dituzte parte-hartzaileek, eta edozein larrialdi egoeraren aurrean erantzuteko aholkuak ere bai. Halaber, murrizketa sentsorialak zein mugikortasunekoak dituzten pertsona nagusien istripuak ekiditeko oinarrizko ezagutzak emango dira, horiek baitira istripuak izateko arrisku gehien dituzten pertsonak. Hori guztia "modu erraz eta entretenigarrian" irakatsiko dute adituek, teoria eta trebakuntza praktikoa uztartuz.
Irailaren 22tik 26ra bitartean iraungo du ikastaroak. Goizez izango dira eskolak, 09:00etatik 13:00etara, Gipuzkoako DYAk Zarautzen duen egoitzan (Iturribide 12-14, behea).
110 euro kostako du ikastaroak, liburua barne. Plazak mugatuak direnez, lehenbailehen izena emateko gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako 943-464622 telefono zenbakira dei daiteke.