Gero eta herritar gehiagok hartzen du parte Jabetza Eskolako ikastaroetan

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 12a

[caption id="attachment_108439" align="aligncenter" width="300"]P1030615 Iaz Emakumeen Txokoan antolatutako Antzerki Tailerreko irudi bat (Argazkia: Emakumeen Txokoa)[/caption] Urtero bezala, Azpeitiko Emakumeen Txokoak emakumeentzako Jabetza Eskolako ikastaroak antolatu ditu. Ikasturte honetarako hainbat ikastaro eta tailer dituzte prest. «Jendearen eskaeren arabera aukeratzen ditugu ikastaroen gaiak, eta emakumeen jabekuntza bultzatzeko egokienak diren ikastaroak antolatzen ditugu», azpimarratu du Izazkun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 24an amaituko da, eta Azpeitiko udaletxeko Parekidetasun Sailean (3. solairuan) goizez edo Emakumeen Txokoan arratsaldez eman daiteke. Txokoan honako ordutegia izango dute: astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Gero eta emakume gehiago Egigurenek adierazi duenez, emakumeak «pixkanaka» ari dira ikastaroetan parte hartzeko izena ematen. Izan ere, izen emate epea iraila bukaeran amaitzen da. Iazko ikasturtean, Jabetza Eskolaren barruan bederatzi ikastaro antolatu ziren, eta guztira 143 emakumek hartu zuten parte. Txokoaren dinamizatzaileak adierazi duenez, gero eta emakume gehiago biltzen dira antolatutako ikastaroetan. Hala ere, aldeak daudela zehaztu du: «Partaide kopurua ikastaroaren araberakoa izaten da. Beharbada, gai batzuek besteak baino interes handiagoa sortzen dutelako», azpimarratu du Egigurenek. Ikastaroetan ez dago parte-hartzaile kopuruaren inguruko mugarik. Hau da, ikastaro batean partaide asko biltzen badira, bi talde egiteko prest daudela azaldu dute: «Aurten antolatu genuen autodefentsa ikastaroan emakume asko bildu ziren, eta horren ondorioz, bigarrengo talde bat egitea erabaki genuen», argitu du Egigurenek. Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak dioenez, ikastaro hauetan hainbat adinetako emakumeek hartzen dute parte: «Hemen ere gaiaren arabera biltzen da jende gehiago edo gutxiago. Oso positiboki baloratzen dugu ikastaroetan parte hartzen duten emakumeen adin ezberdintasun hori». Hitzaldiak, irekiak Ikasturte guztietan egiten dituzten ikastaroez gain, hitzaldiak ere antolatzen ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoak. Hil honetarako antolatu duten hitzaldiak Bularreko minbizia: arrazoiak, tratamendua, prebentzioa eta diagnostiko goiztiarraren garrantzia izena du, eta irailaren 17an izango da, 17:00etan. Egigurenek azpimarratu duenez, antolatutako hitzaldiak «irekiak eta guztiei zuzendutakoak» dira. Jabetza Eskolako ikastaroak - Sabel dantza ikastaroa. Mirari Amenabar da irakaslea. 24 orduko iraupena. Urriaren 2tik abenduaren 18ra, ostegunetan. 18:00etatik 20:00etara. - Antzerki Tailerra. Alaitz Olaizola da irakaslea. 50 orduko iraupena duen ikastaroa, azaroaren 21etik maiatzaren 15era, ostiraletan. Arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara. - Amatasun gogoaren mila galdera ikastaroa. Miriam Hebron da irakaslea. 16 ordukoa, urriaren 1etik azaroaren 19ra, asteazkenetan. 17:30etik 19:30era. Hizkuntza: gaztelania. - Bertsolaritza tailerra. Nekane Zinkunegi da irakaslea. 14 ordukoa. Urriaren 4tik azaroaren 29ra, larunbatetan. 11:00etatik 13:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide