Astelehenean hasiko dira Zarauzko skate parkea berritzen

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 11

skatepark Zarauzko Udalak eta Borghettoko skate parkeko erabiltzaileek elkarlanean osatu dute diseinu berria. Horrekin eremu bakar bat eratu nahi da Borghetton, espazioari jarraikortasuna emanez. Orain artekoa bitan dago bananduta: alde batetik, arrapala handia eta bestetik, txikia daude. Proposamen berriarekin skate-aren praktika hobetu eta "atsegingarriagoa" egingo dela uste du udalak,  eta "orain artekoa baino eskaintza osatuagoa" eskainiko du. Astelehenean hasiko dira skate parkea eraberritzeko lanekin. Proiektua ez da berria. Udaletik jakinarazi dute "nahi baino beranduago" jarri dela martxan, ordea, iazko neguko itsasaldien ondorioz malekoian izandako kalteak konpotzeri lehentasuna eman zitzaiolako. Horrez gain, udan itsas pasealekuan behar baino obra gehiago izatea ez zela egokia iritzi zion erakundeak. Hori dela eta, uda amaitzearekin batera hasiko dira lanekin eta bizpahiru hilabeteko epean amaituko dituztela aurreikusi dute. 30.000 euroko kostua izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide