IRITZIA: Jostailua

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 11

[caption id="attachment_75859" align="aligncenter" width="300"]Txiliku Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'[/caption]

Bostekoa. Jesus Mari Olaizola Txiliku. Duela denbora bat, adiskide batek esan zidan WhatsApp erabiltzen zutenak ez zirela fidatzekoak, nerabeak zirelako, nerabeak izan gabe heldu ez eta nerabe izanez jarraitzen zutelako, edo, okerrena zena, nerabe izan gabe nerabe izan nahi zutelako. Ez dakit gaur egun nire adiskide hori ausartuko litzatekeen gauza bera esatera. Ez baitakit zenbat milioika mezu, argazki eta arraio bidaltzen diren egunero, WhatsApp edo Internetez, eta ez dut jakin nahi zenbat dei egiten diren eta zenbat harreman lotzen/askatzen gure garaiko jostailu unibertsala bihurtu den sakelako tresnatxo hori erabiliz. Telebista gure begi aurrera etorri zenetik bi asmakari izan dira (nik hala uste) gure errealitatean beste ezer baino indar handiagoz txertatu direnak: Internet eta esku-telefonoa. Biak, gainera, elkarren artean uztartu eta bat egiteko bidean jarriak dira telefono adimentsuetan. Sekulako jostailua! Gure esku inozoetan jarri dute eta berriz ere sartu digute ziria. Zarautzen lehenengo telebistak dendetan ikusten genituen, eta berrogeita hamar urte besterik ez dira Santa Marina kaleko Kornelioren denda aurrean Eurokopa jokatzen ikusteko jende multzoa biltzen zela erakusleihoaren aurrean. Begiratzeko arrazoiak ere gehiago ziren Zarautzen beste herri askotan baino, Espainiako selekzioan Makatza baitzen atezain. Errusiarrek ere bazuten atezain ospetsua: Yashin. Zein baino zein aritu ziren biak eta jendeari sekulako irrika sartu zitzaion etxean telebista bat edukitzeko. Egin genezakeen tontakeriarik handiena egin genuen hura etxera sartzearekin. Ez da gehiago irten eta etxeetako jabe egin da. Orain jostailu berria jarri digute eskuetan, eta beldur naiz ez ote den gure eskuen eta gure ahoen jabe egingo. Hasteko, esan behar dut ez naizela teknofoboa, eta ez nabilela uhin elektromagnetikoen matraka horrekin, ezta Internetek edo sakelekoak sortu dezakeen adikzioez ari. Hori baino gauza arruntagoaz ari naiz: bat, ez dut sinesten pertsonen arteko erlazioak errazten dituenik gure zerbitzura dagoen txakurtxo leialak, eta bi, berriz ere gure kontura dirua egitea beste asmorik ez duen enpresa batzuen esku dago gure jostailu kuttuna. Duela hamabost egun ezagutu nuen kontua da. Belaguako bailaran telefono-estaldurarik gabe daude. Itxuraz, lehen baziren han telefono finko batzuk, baina gero eta kontu garestiagoak ordaintzeaz aspertuta, kendu egin zituzten (oker ez banago, militarrek zeukaten aterpekoa barne). Orain ez dago telefono finkorik, eta ez dago estaldurarik (zelaian gora zelaian behera ibili behar izaten omen dute non aurkituko estaldura duen txokotxo bat), beraz, ez dago komunikatzeko erarik, ezta larrialdi bat gertatzen denean ere. Lehen, telefonoa izatea onura publikoa zen, eta Telefonica enpresa publikoa, bazter urrutikoetan ere komunikatzeko bidea jartzen saiatzen zena (gehiago edo gutxiago). Pentsatuko duzue, bada, nolako asmoa izango duten dirua irabazteko osatu diren enpresa berriek Belaguako txokoetan estaldura berriz ezartzeko. Eta nork helduko dio lepotik horietako enpresa bati eta esango dio: «Zuk hemen telefonoa erabiltzeko bidea egin behar duzu, nahiz horrekin dirua galdu»? Nork esango dio hori? Hamaika hilabete daramatzate konponketarik gabe, eta, orain, gorrian hasi direnean, eta ezinegona egunkarietara iritsi denean, «goitik» esan diete trapu zaharrak prentsan agertzeak ez duela batere konpontzen arazoa. Zoaz Belaguaraino eta aipa ezazu sakelako telefonoa, adieraziko dizute zer pentsatzen duten horretaz… Adibide bat besterik ez da. Baina badakizue, eskaini diguten jostailua enpresa horiei dirua ematen dien bitartean bakarrik egongo da erabilgarri gure eskuetan. Ezta egun bakar bat ere gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide